Zumea kalea Andoainen, 80ko hamarkada hasierako neguko arratsalde batez. Ilundu du jada, baina badabil jendea kalean gora eta behera. Artean alaba bakarra den umeak badaki Oria eta Leitzaran ibaiak bere bideetatik atera eta kaleetan zehar pasiatu direla. Oroitzapen hori ipuin bat balitz bezala gorde du buruan, ez baitu erreka kaleetan zehar ikusi. Ipuin hori helduek kontatu diote. Hala ere, bere bizitza guztirako oroimenean geratuko zaio uholdeen hurrengo eguneko lokatz usain hori.
Haurra amarekin doa kaletik, eskutik helduta, Leitzaran erreka zeharkatzen duen zubian geratzen diren arte. Ama emakume batekin geratu da hizketan eta umeak, helduen elkarrizketak entzutearen xarma zer den ez dakien horrek, jostailu txikia atera du ezkerreko poltsikotik. Amak kontuz ibiltzeko esan dio baina beranduegi…, jostailua errekara erori berri da.
Umeak diplomazia zer den ikasi du jada, eta amari lasai egoteko esan dio. Egin berri du bere plana: udan, Kontxan hondarrarekin jolasean ibili beharrean, itsas ertzean geratuko da adi-adi, jostailua olatuekin batera noiz etorriko zain.
Esan beharrik ez dago ume garaiko irudimena pelikuletan agertzen ziren mezudun botila haietara zuzendu zitzaidala; dagoeneko jakingo duzue jostailu hura ez zela azaldu. Uda iristerako oroimenetik ezabatu egin nuen amari zin egindako ekintza hura.
Mezudun botilarena betidanik atsegin izan dudan kontua da. Oraindik zain nago ea noiz iritsiko den nire eskuetara irla galdu batetik bidalitako mezu arraro eta ulergaitza.
Gaur egun, mezudun botilak hamaika modu ezberdinetan iristen zaizkigu; batzuk era elektronikoan, baita telefono bidezko mezu laburretan ere.
Urte hasieran ugaldu egiten dira mezudun botilak. Nire kasuan, uhinen bidez entzuten dudan lagun batek, esaterako, 2008a itzela izango dela esan zidan. Batek daki nolakoa izango den. Kontatuko dizut nola joan den datorren abenduan, beti ere zure mezurik gogokoena zein izan den esaten badidazu. Hori bai, 2008an sikiera, birziklatzen badakigu. Milaka botila etxe ondoko ontzi berdeetan. Guztiak mezu politak bidaltzeko erabili direnak. Zertarako bestela?