Azken hilabeteotan komunikabide ororen ahotan dabilen kontu bati buruz idaztea baino ezer hoberik ba ote? Ez dakit, baina, nik hautu hori egin dut.
Uda garaian, egun batetik bestera, gaixotasun “berri” baten berri emanez zabaldu zituzten albistegiak komunikabide bat baino gehiagok eta aho zabalik utzi gintuen hasiera batean. Hala ere, egunez egun, harridura hori txikituz joan zen pixkanaka, izan ere, albiste izatetik zama astun izatera igaro zen aurreko egunetako kontua.
Honezkero jakingo duzue zeri buruz ari naizen. Bai, bai, ez zaudete oker, A Gripeari buruz dihardut. Jadanik nazkaturik egongo zarete gehienok kontu honekin, ni ere halaxe nago, baina, kutsatzeko arriskua handia omen da eta badaezpada ere berriro gogoraraztea ez da kaltetan izango.
Gaixotasunaren inguruko albisteak gutxituz joan dira azken egunotan, baina, laster hasiko omen dira adin ezberdinetako pertsonei txertoak jartzen, beno, hori da euren helburua behintzat. Gripearen aurkakoa jartzen dihardute eta A Gripearenak armairuan gordeta omen dituzte egun gutxi barru ateratzeko. Hau da marka! Medikuntzak dion orori kasu egiten diote ia denek. Medikuen hitzak urrearen balioa hartzen ari dira gaur egun eta eurek diotenaren aurka ez doa inor. Beno, batzuk bai.
Nik galdera bat luzatu nahiko nuke hemendik: zer dela eta hartu A Gripearen aurkako txertoa? Diotenez, ohiko gripearen aldean arina da eta nik uste dut ez dagoela txertoa hartzeko egiazko arrazoirik.
Medikuek ez dute horrelakorik esango eta jakina, gehienok medikuari neuri baino kasu gehiago egingo diozuenez, alferrik ari naizen irudipena daukat. Baina, jakin ezazue, A Gripearen inguruko kontu hauek guztiak negozio bilakatzen ari direla eta armairuetako txerto guztiak xahutzen diren artean ez duela gure ingurutik alde egingo. Txerto guztiak xahutzen direnean, guztioi ahaztuko zaigu A Gripea zer izan den, beste hainbat gaixotasunekin gertatu den bezala eta hurrengo urtean beste zerbait asmatuko dute gure besoak xiringaz zula ditzaten. Jendea eurengana doan bitartean, gauzak berdin jarraituko dute urte luzeetan eta zaila izango da gurpil zoro honetatik ihes egitea. Besterik gabe, kontuz ibili A Gripea gure kaleetatik ezkutatzen den arte eta ez kasu gehiegirik egin bolo-bolo airean dabiltzan gezurrei.