Maiatzak 24. Igandea. Goizeko zortziak. Jende ugari eta korrikalariak urduri. Horrelakoa izango da igande goizean Zegamara hurbiltzen den orok ikusi ahal izango duen argazkia. Ederra benetan. Paregabea. Urterik urte izena hartzen doan lasterketa da Zegama-Aizkorrikoa. Urtetik urtera lasterkari hobeak. Ia urtero errekor berria. Zer gehiago eska daiteke? Aurtengoa ere, mendizale eta lasterkari ugari elkartuko dituena izango da Zegama-Aizkorriko mendi maratoia eta ez da giro izango bertako mendietan. Goizean goiz mugitu beharko du lasterketa ikusteko leku bat izan nahi duenak. Are goizago mugitu beharko dute, berriz, lasterketan parte hartu behar dutenak. Gaixoak... Sufrimendua izango duzue lagun, horrenbeste maite duzuen sufrimendua. Ikusleek ez. Ikusleek hamaiketakoa izango dute lagun, indarrak hartzeko, txalo zaparradak jo ahal izateko, lasterkariak animatzeko. Lasterkari batzuk, iazko marka hobetzea izango dute helburu eta beste batzuk, berriz, lasterketa amaitzea. Ez dute meritu makala!! Lasterketa erdian eta Aizkorriko gailurrean izango dituzte animorik beroenak. Lasterkariek eskertuko dute, nola eskertuko ere. Hala ere, hobe dute gehiegi ez estutzea leku horietan, sarritan gehiegizko esfortzua egiten baita jendearen animoak direla eta. Ia lasterketa erdia geratuko zaie Aizkorritik igarotzen direnean. Ikusleak, Zegamara abiatuko dira lasterketa amaiera ikusi ahal izateko, festaz gozatzeko. Nola ez, gure eskualdeko lasterkari ugari izango da igandean parte hartzen eta ea euren helburuak betetzen dituzten. Ea eguraldia lagun izaten duten. Ea gorputzak ongi erantzuten dien. Helmugan izango gaituzte zain, besozabalik, esku zartak joaz. Eurek sufrimendu aurpegia ekarriko dute, baina, irribarre egingo dute helmuga pasa ostean. Guk ere, irribarre batez erantzungo diegu, pozten garela adierazteko. Honenbestez, igandean Zegaman elkar ikusiko dugula espero dut. Lasterkariei, nire zorterik onena opa dizuet…, beharko duzue eta!!!