Goizero, jaiki orduko, pertsiana igotzen dut, baina, badira bi edo hiru hilabete igotzeak ere beldur ematen didala. Gaur ere euria, gaur ere eguzkirik ez!!! Zenbat aldiz errepikatu ote ditut hitzok azken hilabeteotan? Neronek baneki…, gaitzerdi! Urtea behar bezala hasi zen, eguzkia ikusten genuen egunero, baina, azkenaldian eguraldiak ez du poztasunak emateko gogo handirik. Jendea, urte hasieran, beldur zen udan ur falta izango genuelako edo lehorteak etor zitezkeelako, baina, ez dut uste orain horren beldur izango denik inor. Jendea beste gauza batek beldurtzen du: udan zehar eguzkirik ez ikusteak. Ez naiz horren beldur, egia esan ez bainaiz egunero hondartzara joaten den horietakoa, baina tarteka eguzkia ikusteak ere ez ninduke penatuko... Duela 15 egun herrian urak atera ziren eta urte garai honetan ez da oso ohikoa hori gertatzea, nahiz eta azken aldi honetan ohikotzat jo dezakegun. Hondartzazaleak penetan, baserritarrak ere antzeko eta eskola amaitzear dauden umeak zer esanik ez. Eguraldiak gisa honetan jarraituko duela entzun diot bat baino gehiagori eta beharbada arrazoi izango dute, ez baitu aldatzeko itxura handirik. Geroz eta zoroago dabil eguraldia, egunean zehar denetarik ikusteko aukera baitugu: euria, lainoak eta oso tarteka…, eguzkia. Aurtengo honetan, asko ez badu aldatzen, jai izango dute krema saltzaileek, jendea ez baita erretzeko beldur, motiborik ere ez baitu beldur izateko eta hondartzetako izozki saltzaileek ere ez dut uste poltsikoak goraino beteko dituztenik. Pesimista samarra naizela irudituko zaio bat baino gehiagori baina ez dut uste gezur handirik esan dudanik. Nahiago nuke nik ere egi hauek gezur izango balira, baina.., tira, datozen egunetan ere goizean jaiki eta pertsiana igotzen jarraituko dut, eguzkia ikusiko dudan esperantzarekin. Uda ona pasa dezazuela eta kontuz ibili…, eguzkiarekin!!!
2008ko ekainaren 20a