Hilabete pasatxo da eta oraindik ere ezin ahazturik nabil egun handi hura. Arratsaldeko bostetarako egon behar bertan baina lauretarako bazen nahiko jende. Nik ere badaezpada bostak baino lehen joatea erabaki nuen, ez baineukan lekurik gabe gelditzeko gogorik. Dagoeneko, ohartuko zineten gehienok zeri buruz ari naizen, 2007ko Gipuzkoako bertsolari finalaz hain zuzen ere. Egun handia izan zen eta zail egingo zait ahazten. Izugarrizko jendetza bildu zen eta bertsolaritza izaten ari den hazkundearen isla izan zen Illunbeko final handia. Zortzi finalistak aritu ziren ondo baina batik bat Beñat Gaztelumendiren patxadak eta bertsotan egiteko egokitasunak liluratu ninduen. Beste zazpiak lehendik ere gehienok ezagutzen genituen, Beñat Gaztelumendi ere bai, baina gutxik esperoko zuten berak lehenengo bitan egitea. Beraz, zorionak Beñati. Txapelduna, Aitor Mendiluze izan zen eta nik uste ondo merezitako txapela jantzi zuela , beraz, nire zorionik beroenak Aitor Mendiluzeri ere, final ederra egiteaz gainera txapelketa osoan gozarazi baitigu. Esan beharra dago Ilunben denetariko bertsoak izan genituela; barre egitekoak, serioak eta barruraino iristen diren horietakoak ere bai.
Hala ere, ez nuke nire hitz hauetan aipatu gabe utzi nahi nik txapelketan bizi izan dudan esperientzia ona. Nik eta nire lagun Beñat Iguaranek Zumarragan izan genuen txapelketak sorrarazten dituen ezinegonak jasateko parada eta aitortu beharra daukat saioa hasi aurreko minutuetan une larriak pasatzen direla. Gure saioa nahiko txukun joan zen eta orokorrean nahiko gustura geratu nintzen egin nuen saioarekin. Beñati dagokionez, ispirazio eguna izan zuen Zumarragakoa eta izugarrizko saioa egin zuen, ariketa guztietan bere detalletxoak utzi zituelarik.
Egun ederra igaro genuen eta hemendik lau urtera berriro kantatzeko gogoz nago ni behintzat. Amaitzeko, gure irakasle Amaia Agirreri eskerrik beroenak eman nahiko nizkioke astez aste gurekin bertso eskolan hartzen duen pazientziagatik. Txapelketan egin duen lana ere ezin dezaket hitzik gabe utzi eta bere bi saioak izugarriak izan dira, batik bat lehendabizikoa. Aurtengoan ez da finalera iritsi, nahiz eta gehienok hala espero genuen, baina ziur nago datorren txapelketan sartuko dela.
Beraz, mila esker berriro eta ea beste lau urtez guri aguantatzeko pazientzia izaten duzun!!!