Helduoi bizitzan pilatutako esperientziek eta errepikatutako egoerek lagundu egiten digute aldaketa hauetara egokitzen. 3 urteko haurrentzat, adibidez, egoera hauek berriak dira eta intentsitate handiagoz eragiten die. Adin honetako haurrak emozionalki zaurgarriak dira egoera berri hauen aurrean. Aldaketa hauetara egokitzeko denbora tarte bat behar izaten dugu helduok eta haurrek ere, egokitzapen aldi bat behar izaten dute ikasturte hasieran.
Egokitzapen tarte honetan, dudarik ez dago, helduok transmititzen dizkiegun emozioak eta izan ditzakegun aurreiritzi eta beldurrek eragina dutela haurrengan. Testuinguru lasai batek bere barruak lasaituko ditu eta alderantziz, tentsio, beldur edo urduritasunezko testuinguruak haurrari eragingo dio.
Haurrak berezkoa du garapena, naturala da. Helduok, testuinguru egoki bat eskaini behar diogu eta, bere beharrak asez gero, garatzen joango da. Garapen honen erritmoa ezberdina da haur bakoitzean eta alferrik arituko gara azkartu nahian. Egokitzapena, ikasketa prozesua, harremanak, komunikazioa…, hori guztia eta gehiago izango du haurrak ondorengo hilabeteetan. Testuinguru lasaia, konfiantzazkoa, segurua eskaintzen badiogu eta motibatzen baldin badugu, egon ziur, haurrak bere bideari ekingo dio. Horretan saiatzen gara irakasleok, haurraren bidelagun izanez, bere garapena gauzatu dezan lagunduz. Lore bat lur egokia, argitasuna eta behar duen ura duenean berez hazten den moduan.
Izan dezagun konfiantza haurrengan, eskutik helduta lagun diezaiegun beraien garapenean, jar diezaiegun testuinguru egoki bat, entzun ditzagun eta saia gaitezen beraien beharrak asetzen eta noski, bihur gaitezen gu ere haur.