Kaixo guztioi!

Erabiltzailearen aurpegia

Berrogeita hamar urte betetzear den Aita Larramendi Ikastolak dituen ametsak betetzeko erronka garrantzitsua dugu esku artean. Ikastola Kilometroen suaren inguruan jarri dugu dantzan, herria kantuan eta inguru guztia ikusmiran.

Hogeita bi urte pasa dira azkenekoz Andoainen Kilometroak jaia ospatu genuenetik, eta urteak pasa ahala barruan pilatzen joan zaizkigun gosea, gogoa, desioa, indarra, oihua…, plazaratzeko, askatzeko aukera dugu.

Urtean zehar lan ugari egin dugu guztion artean. Hainbat izan dira burutu ditugun ekintzak eta, horietan guztietan, herritarrak izan ditugu protagonista eta bultzatzaile. Auzolanean ON egin dute guraso, irakasle, ikasle, langile, familia eta herritarrek.

Guztiei luzatu nahi dizkizuegu eskerrak Andoaingo Aita Larramendi Ikastolaren izenean. Eta bereziki eskerrak eman nahi dizkiegu berriki gure artetik joan diren Juanma Rostro eta Juan Antonio ‘Katto’ Amilibiari, aurtengo Kilometroen alde Andoainen egindako lan guztiagatik.

Urriaren 7an ospatuko dugu jaia. Jai honetan ere, nola ez, herritarrak izango ditugu protagonista; umeek, gaztetxoek, gazteek, helduek eta familiek gozatua har dezaten nahi dugu.

6.360 metro dituen ibilbidean bost gune antolatu ditugu. Bertan guztientzat gozagarri izango den eskaintza zabala egongo da: ikuskizunak, musika, animazioa, jakiak, edariak eta beste hainbat zerbitzu.

Andoainen duela berrogeita bederatzi urte piztu zuten Ikastolaren subilak piztua jarrai dezan, Ikastola osatzen dugunok su honen inguruan dantza egin dezagun, herriak kantuan jarrai dezan eta inguruak zer ikusia izan dezan, zuen guztion parte hartzea behar dugu.
Gonbitea luzatua duzue, ON EGIN dagizuela jaiak!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!