Lekukoa hartu eta segi aurrera!

Erabiltzailearen aurpegia

Lekukoa hartu dugu dagoeneko eta abian da Kilometroak 2012 jaia. Aurkezpen ekitaldia egin aurretik, azaroaren 18an, hauxe da laburrean prestaketan aurreratu duguna.

Urtean zehar egin beharreko ekitaldiak eta Kilometroak 2012 eguna prestatzeko sortutako lan batzordeak osatu ditugu. Batzorde hauek 13 dira eta ia 100 lagun ari gara prestaketa lanetan. Tartean irakasle, ikasle ohi, irakasle ohi, guraso eta herritarrak.

Beharrezkoak ditugun azpiegiturak lortu ditugu eta bide batez eskerrak luzatu nahi genizkieke hauek erabiltzeko aukera eskaini digutenei. Urtero Kilometroak jaian erabiltzen den materiala jasotzeko biltegia da lehenengoa. Bigarrena dendan salgai izango diren arropak prestatu eta antolatzeko biltegi txikiagoa. Azkenik, mota guztietako arropak salgai jarriko diren denda. Dagoeneko bi biltegiak prest ditugu. Hauek atontzen lan ederra egin baitute hainbatek. Denda prest izango da berehala, baina oraindik itxuraldatzen ari gara. Lan asko eta dotorea egiten ari dira muntaketa taldekoak eta laguntza eman duten lanbide ezberdinetako hainbat langile. Eskerrik asko horiei guztiei ere.
Urtean zehar egin beharreko ekimenak zehazten ari gara eta bide batez beharrezkoa izango dugun laguntza eskatu nahi dugu. Izen-emateak andoainikastola.net helbidean egin ditzakezue, urtean zehar laguntzeko edota Kilometroak egunean laguntzeko. Bertan duzue informazioa ere.

Azaroaren 18tik aurrera herri guztiarena izango den festa honetara gonbidatzen zaituztegu, parte har dezazuen eta goza dezazuen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!