Kilometroak 2012

Erabiltzailearen aurpegia

Gipuzkoako Ikastolen Federazioak hala erabakita, 2012 urteko Kilometroak jaia Andoaingo Aita Larramendi Ikastolak antolatuko du, duela 22 urte bezala.  Arkaitz Lasa andoaindarra izango da jaialdiaren koordinatzailea; orain arte gauzatu dituzten urratsak azaldu ditu lerro hauen bidez:
Lehenik eta behin Kilometroak jaiarekin Aita Larramendi Ikastolak lortu nahi dituen helburuak hausnartzen aritu gara. Batetik, eta jakina denez, egoerak hala eskatzen duelako, helburu ekonomikoak ditu jai honek. Hala ere, honelako ekitaldi batek bere barne duen guztia kontuan hartuta, beste helburu batzuk ere lortu edota landu nahi ditugu. Batetik, Ikastola osatzen dugun guztion parte hartzea bultzatu nahi dugu: guraso, ikasle, ikasle ohi, irakasle eta langileona. Bestetik, herritarrak gerturarazi nahi ditugu Ikastolen jai honetara. Eta nola ez, euskaltzaleak aktibatu nahi ditugu euskararen aldeko lanera eta euskaltzaleak ez direnen arreta ere piztu nahi dugu.
Kilometroak jaiaren antolaketa erabaki zenean koordinatzailea aukeratzeari ekin genion. Hori egin ostean Hastapen Taldea osatu zen (koordinatzailea, zuzendaria eta zuzendaritzako kide bat, lehendakaria eta bi guraso batzordekide).

Ondoren Kilometroak jaian 2011ko azarotik aurrera urtean zehar erabiliko dugun logoa eta leloa zehazteko Ikastolakideon eta herritarren parte hartzea bultzatu genuen. Ideia ugari izan ziren aurkeztuak eta guk, gure helburuen arabera, hauekin bat egiten zuena aukeratu genuen. Orain honen garapena eta aplikazioak landu behar ditugu eta ekainerako zehaztua eduki behar dugu.
Datorren ekainerako Kilometroak 2012 denda jartzeko lokala, eta beste bi biltegi  behar ditugu. Arropa salmentarako izango da denda, 2011ko azaroan irekiko dena. Dendarako azpiegitura zehaztua dago eta biltegiak falta dira. Lehenengoa dendan saltzeko materiala sailkatu, antolatu eta gordetzeko, 150 m2koa. Bigarrena, berriz, Kilometroak jaiarenak diren azpiegiturak gordetzeko, 400-500 m2koa.

Ekainerako lan taldeen arduradunen sarea osatu behar dugu. Kilometroak ekitaldiaren urte osoko lan guztia lan taldeen bidez garatuko da. Lan talde hauetako buruek Batzorde Iraunkorra osatuko dute. Hau erabaki gunea izango da, eta batez ere, lan talde ezberdinen arteko koordinazioa gauzatzeko taldea.

Arduradunen sarea osatzen dugunean lan talde bakoitzaren urteko egitasmoen zerrenda egin beharko dugu, plangintza. Aurrerago izango ditugu, 2011ko azaroaren bigarren hamabostaldian, prentsaurrekoa, aurkezpen ekitaldia eta dendaren irekiera.

Hauek dira lan taldeak eta egitekoak:
    EKONOMIA (kontuak eta dirua lortzeko egitasmoak antolatu)
    SALMENTA (denda, biltegia eta irteerak)
    OSASUNA (asistentzia eta larrialdiak)
    GARBITASUNA (zaborrontzien antolaketa, komuna…)
    KOMUNIKAZIOA (web orria, aldizkaria, komunikabideekin elkarlana, kartelak)
    ZIRKUITOA (nondik nora izango den eta guneak)
    TRAFIKOA (aparkalekuak eta seinaleak)
    MUNTAKETA (karpak, barrak, eskenatokiak…)
    IKUSKIZUNAK (egitaraua, taldeak, soinua…)
    TXOZNAK (jakiak, edariak, txandak…, zehaztu)
    GIZA BALIABIDEA (beharrak zehaztu eta bideratu)
    PROTOKOLOA (erakundeen ordezkaritza)
    SEGURTASUNA (larrialdi plana)

Besterik gabe, idatzi honekin herritarrak informatu nahi ditugu eta Kilometroak jaian, guztiona den jaian, murgildu daitezen gonbitea luzatzen dugu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!