Gabonak dira

Erabiltzailearen aurpegia Bakartxo Iguaran 2010ko urt. 5a, 14:01

Gabon giroan murgilduta gaude eta Aiurritik idatzitxo bat eskatuz nirekin harremanetan jarri direnean, zera pentsatu dut: garaian garaikoa! Urteko gertakizun berezi honi buruz idatziko dut, eta batez ere, kristau izateari buruz erreflexionatuko dut.

Nik kristau heziketa jaso dut, eta bide horri jarraitu diot gaztarotik aurrera ere, beti oso modu “propioan”. Nire kristau ibilbidean etapa ezberdinak bizi izan ditut gaur egungo sinesmenera iritsi arte. Hasieran entzutea eta onartzea zen dena, baina gero zalantzak sortu zitzaizkidan, eta baita haserrea ere. Zehaztuko ditut horren arrazoiak:

Jesusek “lagun hurkoa maita ezazu, zeure burua bezala” esan zuen, baina guri “lagun hurkoa maita ezazu” iritsi zaigu batez ere, bigarren zatia erdi ahazturik. Mezu horrek norbanakoari min handia egin diola iruditzen zait, bai autoestimu aldetik (bestea norberaren aurretik jarriz), bai errudun sentimenduak sortze aldetik (nork bere burua aurretik jartzerakoan). Ez dut uste hori izan zitekeenik Jesusen nahia.

- Eliza erakunde bezala, Jesusen xumetasunetik hain urrun ikusteak ere haserretzen nau. Mendeetan zehar botereari (politikoa, ekonomikoa…) lotuta egon da, eta gaur egun ere kosta egiten zaio hortik urruntzea. Elizako goi arduradunak hor dabiltza orain ere bizitza politiko eta sozialean parte aktiboa izan nahian; Gipuzkoan, esaterako, Munilla gotzain berriaren izendapenarekin. Denok osatzen dugula Eliza entzuten dugu maiz, baina zenbaiti oso zaila egiten zaigu hain urrun sentitzen dugun erakunde batekin identifikatzea.

Haserrealdi horiek sentitzen ditudanean, Jesusen figurarengana jotzen dut berriro ere, eta bere mezuak gogoratzen ditut: nork bere burua maita dezala, eta baita albokoa ere, bereziki ahulenak (zentzurik zabalenean); berdintasun eta justizia mezu bat ere zabaldu zuen, denok berdinak izanik (anaiak zioen berak), berdintasunean eta justuki tratatuak izateko eskubidea aldarrikatuz. Nik uste, bidegabekeria galantak egiten ziren garai haietan, herritar xumeentzat hain itxaropentsua zen mezu bat herriz herri zabaltzen jardutea izan zela bere iraultza; eta horrek biziraun du bera hil ondoren ere, batere gaurkotasunik galdu gabe. Hori (mezu hori) da niretzako Jainkoa.

Eta Gabonak? Gabon gauean kristauok Jesusen jaiotza ospatzen dugu, hortik biharamuna Egu(n)berria izendatzearena. Horregatik, neure baitan bere mezua berritzeko baliatu nahi nuke nik. Ahal badut behintzat, ez baita erraza telebistaren bidez jasotzen dugun Gabon giro artifizial eta komertzial horretatik (eta era berean hainbeste presio sortzen duen horretatik) alde egitea. Beraz, barrutik kanporantz bizi nahi ditut nik Gabonak, apalki, ahal bezain goxoen.

Eta urte berriari berriz ilusioz eta esperantzaz heldu nahi nioke, guztiak beharko baititugu. Amaitzeko, garai-garaiko beste kontu bat. Nire Jesusek, ziur nago, zera aldarrikatuko luke: Egunkaria libre!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!