Gurpil zoroan II: Krisia eta aisialdirako ohitura berriak

Erabiltzailearen aurpegia Bakartxo Iguaran 2009ko mai. 5a, 20:10

Aurrekoan krisi larria jota dagoen sistema ekonomiko kapitalistaz jardun nuen,  bertatik ateratzeko sistema bera birplanteatu beharraz eta hori gauzatzeko nire zalantzez.

Nik ez dakit emaitza zein izango den, baina kapitalismoa birplanteatzearen beharra argi ikusten dut; izan ere, kapitalismoa kontsumoaren hazkundean oinarritzen da eta horrek berez ez du mugarik. Baina lurraren baliabideak mugatuak dira eta gaur egun ematen den aberastasunaren banaketa, injustoa. Horregatik krisi hau, sistema bera birplanteatzeko aukera bat bezala ikusten dudala nioen aurreko idatzian ere.

Denok (goiko eta beheko) ikasi behar dugu xumeago bizitzen, naturaren eta besteren kontura ez aberasten, baina nire uste apalean goitik behera hasi beharko genuke gauzak aldatzen: erakunde publikoen aldetik, banku, eraikuntza-etxe, autogile… eta gauzak ondo joan diren artean aberastu direnen zuloak ez tapatzen, negozio handien kudeatzaileei bere irabazien araberako zergak eskatzen…; enpresak,  izan ditzaketen irabazi txikiagoekin bizirauten eta hori langileen bizkar (EREak eta beste) joan ez dadin lan egiten; langileria, erdi mailako klasea batez ere, bere bizimodua birplantzen, gure ahalbideen gainetik bizi izan garela onartu eta  apalago bizitzen.

Egia esan, herritar xumeok apalago bizitze horretan ikasten ari garela iruditzen zait, esate baterako, gure aisialdian (edo langabezian), inguruan dauzkagun baliabideak  aprobetxatuz,: mendian bueltatxo bat emanez, kiroldegiak eskaintzen dituen aukerak baliatuz, formazio ikastaroak (asko doakoak) eginez edo udal liburutegiak bisitatuz.

Udal liburutegien kasuan, adibidez,  erabilpenaren gorakada egunez egun ikusten dut nire lantokian. Egia da aurtengo udazkena eta negua oso gogorrak izan direla eta jendea aterpe bila ere joaten dela liburutegira, baina hori ez da arrazoi bakarra izan liburutegiak gainezka egoteko: asteburuetarako ikus-entzunezkoen mailegu kopurua izugarri igo da, interneten lan bila dabiltzan erabiltzaileak ugaritu egin dira edo oposaketak prestatzen ari direnak (Osakidetza tarteko), lehendabizikoz liburutegira etorri eta zer eskaintza dugun ezagutzera datozenak ere gehiago dira (eta maiz ohiko erabiltzaile bihurtzen dira), bidaia bat prestatzeko bertara jotzen dutenak...

Finean, udal liburutegia doako zerbitzua ez ezik, zerbitzu moderno, anitz (Nafarroan ez hainbeste Gara eta Berria kendu dituztenetik) eta irekia/ zabala dela sumatzen du bertara gerturatzen denak, hau da, krisiari aurre egiteko aukera  paregabea. To!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!