Gurpil zoroan

Erabiltzailearen aurpegia Bakartxo Iguaran 2009ko urt. 20a, 17:29

Krisiak jota, barka, gripeak jota gaude etxean; indarrak ahul, mukiak ugari, sukarra…, eta denboraz larri atal honetarako bi hitz idazteko. Baina euskaldunok hitza ematen dugunean…, (eta ni horretarako oso euskalduna naiz).

Kontua da, krisia dabilkidala buruan bueltaka, gauza normala bestalde, besterik ez baita entzuten inguruetan. Krisiak kezkatzen nau bai, baina are gehiago, honen irtenbideek. Izan ere, krisi hau estrukturala ote denaren susmoa dut, hau da, sistema kapitalistaren oinarrietan errotuta dagoen krisia dela, eta sistema hau hala nola aldatuko den esperantzarik ez dudanez, ezkor samarra naiz etorkizunari buruz.

Izan ere, kapitalismoa kontsumoan oinarritzen da, geroz eta behar handiagoak sortzen dizkigu, eta honek bat egiten du gizakion izakera berekoiarekin, asegaitzarekin. Gure inguruko lehengaiekin nahikoa izan ez genuenean, kanpora, beste herrialdeetara, jo genuen horiek asetzeko (inperialismoa); ondoren globalizazioa etorri da, multinazionalak dira nagusi, eta honekin batera ezberdintasunak eta injustizia areagotu dira (gizataldeen artean eta herrialdeen artean). Baina neoliberalismo basati honek goia, edo behea, jo du. Krisian sartuta gaude burubelarri, beldurra gorputzean, EREak nonhai (denak nahitaezkoak?)… Eta Gabonetan, kontsumitzeko deia eginez. Nola irten gurpil zoro honetatik?

Demetrio Loperenari irakurri nion azkeneko Argian (2168. zkia.): “Krisia pare bat urtetan konpontzen bada ekonomiak oinarri faltsuak izanen ditu…, luzaz irautea nahiko nuke”. Begietara jo zidan titular horrek, baina bat nator dioenarekin. Oraingoz gobernuetatik eskaini diren konponbideak, enpresa pribatuentzat (banku handiak barne) erreskate planak eskaintzea, presio fiskala apaltzea eta gastu soziala (obra publikoa…) biderkatzea izan dira. Eta horiek, sistema ekonomiko bera mantentzeko partxeak besterik ez direla iruditzen zait. Egia aitortzeko, beldur pixka bat ematen du sistema bera kolokan jartzeak, baina bestalde, norbanakook krisi batean sartzen garenean, krisia aldaketak egiteko eta indartzeko baliatu behar dugula aholkatzen digute psikologoek. Zergatik ez baliatu, beldurrak beldur, krisi ekonomiko hau sistema bera birplanteatzeko?

Aldizkari berean Mikel Zurbanori ondorengoa irakurri nion: “Gizartea eta ingurugiroa politika ekonomikoen erdigunean ezartzea da krisiaren irtenbidearen gakoa. Historiak dio kapitalismoak nekez hartuko duela bide hau”. Gizakiok orain artean ez dugu gure adimena erabili garapen solidarioa (pertsonekikoa eta ingurugiroarekikoa) gauzatzeko, oraingoan izango ote da?

2009ko urriaren 23a

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!