Azpiegituren berrerabiltzeaz

Erabiltzailearen aurpegia Bakartxo Iguaran 2008ko abe. 2a, 19:11

Ingurumena zaintzeko, arduraz kontsumitu (edo murriztu), berrerabili eta birziklatu”. Horrelako edo antzeko mezuak maiz entzuten edo irakurtzen ditugu komunikabideetan, sarri, erakunde ezberdinen eskutik.

Guztiok dugu ibilbide luzea egiteko kontu honetan:
1. Herritarrok, kontzientziazio aldetik eta printzipio horiek praktikara eramate aldetik: Askotan, moda kontuak tarteko eta kontsumo-gizartearen tentatze (eta presio) lanak tarteko, kosta egiten zaigu benetan zer behar dugun eta zer ez, edo zer berrerabil dezakegun bereiztea (adb., joan den neguko zapatak, edo aurreko kurtsoko eskola-materiala); energia, ura…, aurrezteko ohiturak hartzea; birziklatzearen “pereza”…
2. Erakundeek (ingurumena zaintzeko egiteke dutena),  
a. baliabideak jartze aldetik: edukiontziak zabaldu eta horien jarraipena egin (Andoainen, egia esan, Tolosaldea berreginez ekimenean parte hartzen hasi denetik, izugarrizko bultzada eman zaio gai horri); zaborra birziklatzeko edo/eta gutxitzeko, konpostatzearen aldeko apostua egin…
b. eredugarri izate aldetik: Nik oso ongi deritzot kontsumo eredu batzuk aldatzeko egin dituzten ahaleginei, hala nola, paper birziklatua erabiltzea, energia aurrezteko kaleetako eta eraikuntza publikoetako argiterian egiten dituzten aldaketak…

Baina haratago joan nahi nuke, azpiegituren arlora zehazki; Guggenheim efektupean bizi garen honetan, dena egin behar da berria, handia eta ikusgarria. Esaterako, joan berri den udan, Nafarroa erdialdean, laua parajea, kotxez gindoazen, eta autopista bateko obrak ikusi genituen; dena zen berria han. Eta gure galdera: ezin ote zuten horrelako lautada batean aurreko azpiegitura berrerabili, horrela naturari puska txikiagoa kenduz eta aurretik egindakoari etekina ateraz? Eta gure erantzuna: horrela egin izan balute, agian ez zatekeen hainbeste “onuradun” izango.

Beste hainbeste pentsatzen dut abiadura handiko trenari buruz: badago zer eginik Euskal Herriko oraingo trenbide sarea konpontzen eta hobetzen, herriak eta hiriak elkarren artean lotzeko (eta Europarekin ere konektatzeko), eta pertsonen eta merkantzien garraioaren zati handi bat bideratzeko; eta guztia, arrazoizko kostu ekonomiko eta ekologiko batzuekin. Bai, trenbide sozialaren alde nago.

Eta nire herrira nator azkenik; adb. Allurralde kiroldegiko igerilekuaren kontua aipatu nahi nuke. Behin baino gehiagotan idatzi izan dut aldizkari honetan, Andoainen igerileku ireki batzuk izateak bizitza handia emango liokeela herriari udan (hori ere herrigintza da), Urnietan elkartzen garenon heren bat gutxienez andoaindarrak baikara.

Ez dut esaten Hernaniko superigerileku horietakoak behar ditugunik, baizik eta gaur egun ditugun kiroldegiko baliabideak aprobetxatuz, eta kiroldegiaren ondoan dagoen belazeaz baliatuz, udarako igerileku batzuk prestatzea. Horra hor Donostiako Paco Yoldi igerilekuaren eredua: neguan estalia den pistina bat udan erdi-estalia bihurtzen da bertako beiratea irekiz.

Beraz, gora berrerabilpena! Ongi izan.

2008ko urriaren 3a

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!