Zer (ote) den guraso izatea

Erabiltzailearen aurpegia Bakartxo Iguaran 2008ko abe. 2a, 18:37

Oraintxe bidali dut bost urteko semea autobusean; bi egunetarako joan da ikaskideekin eta irakasleekin. Autobusera sartu aurretik, bera baino handiagoak ziren motxila eta lo-zakua bizkarrean zeramatzala agurtu dut muxu batez, eta gero han egon gara guraso guztiak errepide bazterretan besoak astinduz, musuak airean botaz…; joan dira.

Eta orain tristura puntu bat, eta galdera mordo bat: nola moldatuko ote da arropekin? Gauez aitari edo amari deika esnatzen bada? Nork goxatuko du triste jartzen bada? Kezka normalak guraso batengan, pentsatzen dut, hori ere bai baita guraso izatea; hori eta beste gauza asko: (neurririk gabe?) maitatzea, bidea erakustea, mugak jartzea, (neurriz) babestea, beraiekin gozatzea…

Askotan galdegin diot nire buruari zer nahi dudan nire semeentzat etorkizunean, eta erantzun bertsua datorkit beti: pertsona osoak, integroak izan daitezela, hau da, emozionalki pertsona autonomoak izan daitezela. Azken kontzeptu hori, heziketa emozionalari buruz gurasoei zuzenduriko ikastaro batetan entzun nuen, eta hauek izango lirateke ezaugarriak, gutxi gorabehera:

  • Gai izan daitezela euren sentimenduak identifikatzeko (norbere buruarekiko zintzotasuna); besteenak identifikatzeko ere bai (enpatia).
  • Emozio “festa” hau bideratzen ikas dezatela, euren burua mindu gabe eta besteak mintzeko borondaterik gabe.
  • Ariketa hori barneratuta, euren bizitzaren, aukeren, erabakien…, ardura har dezatela (autoestimua landuz…).
  • Oinarri horretatik abiaturik, besteekiko harreman osasuntsuak izateko trebetasunak landu ditzatela.
  • Bizitzaz gozatzen jakin dezatela!

Argi dago bide horretan hezitzeak, gurasooi ere lan eskerga ekartzen digula gure buruarekiko: lehenik eta behin arestian aipatu dugun bide bera egitea, diren bezala onartuz eta beraien aukerak errespetatuz (edo/eta negoziatuz) euren autoestimua indartzea…

Eta argi dago ere, guraso izateak, gure gurasoekiko harremana berraztertzera garamatzala: “borroka” askoren ondoren, beraiek asmatu dutenaren eta asmatu ez dutenaren ondorio garela ulertzera iristen gara, eta hortik abiatuta jarri nahi nituzke nik nire gurasoekiko harremanaren oinarriak (eta beste hainbeste opa diet gure semeei gurekiko).

Nire semea kurtso bukaerako txangoan murgilduta ibiliko da, eta nik idatzi honekin, kurtso honetako nire idatziei ere amaiera emango diet. Ondo izan eta uda on!

2008ko ekainaren 6a

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!