Olentzero, Mari Domingi eta Erregeak

Erabiltzailearen aurpegia Bakartxo Iguaran 2008ko mar. 6a, 10:36

Joan dira Gabonak bere gehiegizko presentzia (pertsonalak  eta materialak, esango nuke nik) eta hutsune izugarriekin (hauek ere pertsonalak eta materialak); eguneroko martxa hartu dugu, arindu dira otorduak eta itzali dira Gabonetako argiak (Donostian ere bai?).

Badute Gabonek, izan ere, bereizgarri ugari, gure inguruan behintzat, herriz herri hainbeste ezberdintzen ez direnak (apaingarriak, erakusleiho-lehiaketak, haur parkeak eta jolasak, musika kaleetan (zuzenean edo bozgorailuetan), Hiru Erregeen etorrera...); Andoaingo herriak ere giro eta dinamika horretan bizi ditu egun horiek.

Baina azken bi urteetan (aurrerantzean ere, pentsatzen dut), gertakizun berri bat bizi izan dugu herrian Eguberri bezperan: Olentzero eta Mari Domingiren etorrera. Ikastolako guraso talde baten ekimenez, Euskal Herriko etxe askotan hain presente dagoen Olentzero hezur haragizko bilakatu da eta Mari Domingi bere laguntzaile izendaturik, kalera atera dira. Biak hala biak, nire haurtzaroan (duela 30 bat urte) Gabonetako abestietako pertsonaiak ziren, euskal mitologiako pertsonaiak, hain zuzen ere, baina gaur egun Eguberri bezperako “izarrak” bihurtu dira, eta batez ere, opariak ekartzen dizkigutenak dira.

Olentzero eta Mari Domingiren etorrera antolatzea, hari honetatik tira eginez sortu zela esango nuke, baina beste asmo bat ere baduela iruditzen zait: Andoaingo kaleetan barrena kantari dabiltzan taldeak elkartzea, izan ere, guztiak gonbidatzen baitira Beheko Plazara biei ongietorria ematera, eta elkarrekin Kale Nagusitik abiatu eta Zasa aurreko plazatxoan bi protagonisten hitzak entzun ondoren, Oria gaineko zubi berrian agurtzera.

Egia da horrelako ekitaldi bat antolatzeak hari asko lotzea suposatzen duela, eta zer hobeturik izango dela, baina bigarren asmo hau nik pertsonalki asko baloratzen dut.
Horregatik, besteak beste, Zasa aurreko plazatxoa txiki gelditzen dela iruditzen zait, alboko plazatxoak berak, Juanita Alkain Plaza deitzen denak, jende gehiago hartu ahal izango lukeela. Eta antolatzaileak udaletxeari laguntza eskatzeko moduan direla, adb., azpiegitura aldetik: oholtzatxo bat, megafonia on bat..., zergatik ez? Badakit bere balorazioa egingo duela hau guztia antolatu duen guraso taldeak, eta topaketa-helburu horri eusten jarraitzera animatuko nuke, eta nola ez, Andoaingo herriari eskaintzen jarrai dezatela.  

Bere garaian La Salle Hiru Erregeen etorrera antolatzen hasi zenean bezalaxe, pentsatzen dut: bertatik herriarentzako antolatutako ekintza bezala ezagutu izan dut nik beti, eta horri eusten dio. Pena aurtengoan Gaxpar belarrimotx xamarra tokatu zaigula, izan ere, bere hitzaldiaren %90 gazteleraz egin zuen udaletxeko balkoitik, eta hitz horiek haurrei zuzenduta zeudela kontuan izanik, proportzioari buelta emanda ere, Andoaingo haurrek ulertuko luketela iruditzen zait.

Ongi izan, eta Urte berri on!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!