Algodonerako emakumeak

Erabiltzailearen aurpegia Bakartxo Iguaran 2007ko mar. 13a, 07:58

(Bazkunaren izenean, 2007ko martxoaren 11n Algodonera Guipuzcoanako emakumeen aldeko omenaldi ekitaldian adierazitakoa). Algodonerako emakumeak; Andre eta jaunok; Alkate jauna; Mª Carmen Marín foru ahaldun andrea: Eguerdi on, guztioi. Izan zaiteztela ongietorriak La Algodonera Guipuzcoana lantegian jardun zenuten emakumeak, sendiartekoak, gonbidatuak eta gainerako herritarrak. Nire lehen hitzak izan daitezela eskerrak emateko bai Andoaingo Udalari, bertan zaudeten udalkide guztien bitartez, bai Gipuzkoako Foru Aldundiari ere, gurekin dagoen Mª Carmen Marín diputatu andrearen eta Itziar Martínez de Apellaniz zuzendari nagusi andrearen bitartez, Algodonerako Emakumeak omentzeko eta gure oroitzapenean gordetzeko ekimenari hasiera eman genionetik eman diguten laguntza eta babesagatik. 2003. urtean Andoaingo Osoko Udalbatzak erabaki zuenetik plaza sail honi Algodonerako Emakumeak plaza deitzea asko izan dira bere buruari galdera hauxe egin dioten andoaindarrak: zergatik izen hori? Zergatik Algodonerako emakumeak? Zer zuten emakume haiek ba? Zer egin dute? Galdera horiek guztiek frogatzen dute zenbateraino dugun ahaztuta eta baztertuta gure historiaren hainbat alderdi, gure benetako izanaren hainbat ñabardura, askok ez baitakigu, edota ahaztuta baitaukagu gaur egun ezagutzen dugun Andoain herri honen iraganeko oinarriak zeintzuk diren. Esan dezagun hitz gutxitan, bada: La Algodonera Guipuzcoana lantegi handia eraiki eta martxan jarri zenean 1857. urtean, Andoaingo herriarentzat, herri osoarentzat, aro berri bat hasi zen: La Algodonera lantegiarekin Industrializazioaren Aroa bete-betean iritsi baitzen Andoaingo herrira. Horrek, bi ondorio nagusi izan zituen; batetik, Andoain herria hazten hasi zela, handitzen, Etxeberrieta sortu zen, kale-bizitza ugaritu egin zen; hitz batean esanda, herria modernizatzen hasi zen. Bigarren ondorioa zuzen-zuzenean emakumeei zegokien. Algodoneran emakumeak nahi zituzten lanerako, harilkatzen, astalkatzen eta ehuntzen jarduteko. Eta emakume asko nahi zuten. Bere garairik oparoenean 300 emakume langile izatera iritsi ziren. La Algodonera Guipuzcoanako emakume haiek izan ziren industrializazioak ekarri zuen lan-merkatu modernora sartu ziren aurrenetakoak, gizasemeekin batera, baina ez baldintza berdinetan: gutxiago irabazten zuten, gizonak bezala 14 orduz lan egiten zuten arren. Gainera, lantegira sartu aurretik eta ondoren, etxeko lan guztiak egiteke zituzten, haurrak zaindu beharra, eta ez gaurko aurrerapenekin, ez horixe! Emakume haiek lan eta lo –eta lo gutxi-, besterik ez zuten egin bizitza osoan, haurtzarotik hasita. Urrun gaude oraindik lan-merkatu modernoan, gure gizartean, emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortzetik. Baina XIX. mendean, 1857. urtetik hona, Algodoneran lan egin zuten emakume haiei aitortu egin behar zaie, berdintasunaren aldeko borrokan aitzindari izan zirela, bere neke eta ahaleginaz, bere sakrifizioaz ez zutela industrializazioaren lan-merkatu berrira sartzeko aukerarik pasatzen utzi, berariei zor zaiela lehen urrats hura eman izana. Eta, are gehiago, beraiei zor zaiela, gainera, Andoain modernizatzeko, ekonomikoki garatzeko lehen urratsak eman izana. Zuek, gaur hemen bildu zaretenek, haien lekukoa hartu zenuten, eta lantegia 1965ean itxi zen arte, haiek hasitako bideari eutsi zenioten. Andoaindarren gaur egungo ongizatea, neurri handi batean, emakume aitzindari haien nekaldiari, sakrifizioari zor zaio. Horregatik proposatu genuen toki honi emakume aitzindari haien izena ematea, zuen izena ematea, eta haien oroitzapena ez galtzea. Agur eta ohore Algodonerako emakumeei!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!