Andoain bizirik: denon esku dago

Erabiltzailearen aurpegia Bakartxo Iguaran 2007ko mar. 12a, 17:00

Nire aurtengo jardunak nahiko monografikoak izan dira, izan ere lehenengo saioan Udal Liburutegiaren eskasiez jardun nuen, eta bigarrengoan, Urigaingo Areto Nagusia berriro ere herritarrek erabili ahal izateko aukeraz idatzi nuen; argi dago, Udal Zerbitzuak hartu ditudala gaitzat. Eta zikloa ez ezik, urtea ere ondo bukatzeko, gai berdinari helduko diot, baina herritarron ardura ere aipatuz. Ez nuke hala ere zerbitzu bakar batez aritu nahi soilik, baizik eta udaletxeak (eta bertako arduradunek) herriaren eta herritarron alde, Udal Zerbitzu sare on bat eskaintzeaz gain, herri-giroa bultzatzeko izan behar lukeen konpromisoaz. -Udal Zerbitzuen sarea aipatu dudanez, arestian izendatutakoaz gain (Liburutegiarena, hain zuzen), duela gutxi Aiurrin bertan irakurri ahal izan ditugun Haur Eskolako gabeziak, Musika eskolako gorabeherak, eta nola ez, Zaharren egoitzako arazoak gogoratu gabe ezin utzi. -Udal Zerbitzuak eta herri-giroa, batek bestera garamatza: esaterako, nik herritarrontzat topagune irekiak (kalean) izan lite(z)keen azpiegitura sendo baten/batzuen beharra somatzen dut herrian; aisialdirako gune eder bat egiteko aukera galdu dela iruditzen zait Etxeberrietako zona berri horretan, non pasealeku eder bat ez ezik, parke eder bat (hiru eskas beharrean) eta jolas-anitzetarako zelai eder bat ere presta zitezkeen. Edo Kaleberriko Leizaur parke zaharkitua eraberritu, eta guztiontzat erakargarriagoa izan litekeen gune bat bihurtu; zer esanik ez, Bekoplaza; Nafarroa plaza agian hobeto aprobetxatu... Igerileku ireki baten aldeko aldarria berriz, askotan egin izan dut (besterik ezean, Kiroldegiaren alboko zelaian, aldagelak partekatuz), udarako topagune ezin hobea izango bailitzateke. Kultur-dinamika ere aipatuko nuke nik. Ezin uka Basterok eskaintza kultural oparoa duenik, baina Kultur-dinamizatzile izakera faltan botatzen diot nik: herriko taldeak bultzatzeko, hauen elkarlana koordinatzeko…, azken finean, herri-giroa sendotzeko. -Eta galdera moduan, berriz, hauxe: ezer egin al dezake udaletxeak Kale Nagusia berpiztearren? Komertzioak kale bati bizitza ematen badio, kale hori hilzorian dagoela esan genezake. Azken puntu honek, komertzioaren gaira garamatza; denon ahotan dabil oso zaila dela herrian denda bat irekita mantentzea, oso barneratuta ditugula inguruko herri/hirietara edo gune komertzialetara joateko ohiturak; hala ere, badirudi denda berriak irekitzen ari direla. Gure esku dago beraietara gerturatzea. Horixe bera litzateke ondorio nagusia, alegia, izan Udal Zerbitzuen sare sendo bat, izan burua altxatzen (?) ari den eskaintza komertzial bat, apostua gure esku ere badagoela, herritarron esku. Izan ere, udaletxearen eta herritarron esku dago Andoainen etorkizuna. Eta elkarlanean egiten badugu, hobeto. Ongi izan, eta Urte Berri on! 2007, Andoain

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!