Urigain berriro ere herritarren eskura

Erabiltzailearen aurpegia Bakartxo Iguaran 2007ko mar. 12a, 16:59

Duela urte eta erdi (2004ko azaroan) zera idatzi nuen atal honetan bertan : “Bastero irekitzearekin (...), Urigaingo aukerarik gabe eta, Basteroko Ekitaldi Aretoa ordaindu edo toki alternatibo bat bilatu (...) beharrean aurkitu gara herriko talde ugari “. Hitz hauek, hilabete batzuk lehenago eta herriko dozenatik gora taldek babestuz, udaletxeari zuzendu zitzaion testu luzeago bati zegozkion. Udaletxeko arduradun politikoen aldetik ez genuen fundamentuzko erantzunik jaso. Iaz, Basteroko arautegian aldaketa txiki batzuk egin behar zirela eta, zenbait pertsonak berriro heldu genion gaiari, eta udaletxera jo genuen Basteroko Ekitaldi Aretoa erabiltzeko araudia, irabazi-asmorik gabeko herriko talde edo ekimenei zabaltzea eskatuz; Kultura Batzordean aurkeztu genuen proposamena eta idazkariaren idatzi bat tarteko, gaia “pleno”-ra iritsiko ote zen esperantza ere izan genuen (eta agian iritsi zen, baina ez ziguten interesatuoi jakinarazi). Baina horrek guztiak bere fruituak eman dituela pentsa genezake. Izan ere, duela urtebete edo, kultur zinegotziak Urigaingo areto batzuk lehen zuten funtzioa berreskura zezaketela aurreratu zigun, hau da, berriro ere herriko taldeentzat topagune izan zitezkeela. Eta kurtso hasiera honetatik, iazko irailetik edo, hala dela dirudi. Momentuz behintzat. Egia aitortu behar badut, ez dakit zehazki zein areto dagoen herritarren eskura (nagusia eta besteren bat, uste dut), ez dakit zein baldintzetan (soilik, aldez aurretik eskaera egin behar dela), ez dakit bilerak egiteko bakarrik uzten den edo/eta saio irekiak (hitzaldiak eta beste) bertan antola daitezkeen... Egia da ere, Andoainen gelditzen den (kultur, giza-) talde-dinamika apurretik (gai honek beste idatzitxo bat mereziko luke) kanpo nagoela momentu honetan, eta agian horregatik ez dut ia orain arte horren guztiaren berri izan; edo inon publiko egin da kontu hau eta nik ez dut irakurri. Bakarra ote naiz? Hala ez bada, ondo zabaldu ote da informazioa herritarren artean? Uda ona igaro! 2006, Andoain

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!