Udal liburutegia eskas geratu da

Erabiltzailearen aurpegia Bakartxo Iguaran 2007ko mar. 12a, 16:59

Andoaingo Udal Liburutegian topatzen garenon artean, askotan komentatzen dugun gaia da idatzi honi izena ematen diona, hau da, liburutegia txiki ez ezik, eskas ere gelditu zaigula. Arrazoi ezberdinak aurkitzen ditugu hori aipatzeko: Andoain biztanle kopurua errekuperatzen ari da: azken hamarkadan beherakada bat izan ondoren (1996 urtean 14.500 biztanle inguru izatetik, 2001ean 13.800 inguru izatera pasa ginen), azken urteotan, Andoainen erroldatutako biztanle kopurua igotzen ari da (2005/2006 hauetan, 14.100dik gora gara). Irakurketa guztion ahotan dabilen garai hauetan (“irakurtzea ona da; irakurri egin behar dute/dugu” eta tankerako esaldiak), irakurketa-gune garrantzitsuenetariko bat, familiarekin (batez ere) eta eskolarekin batera, liburutegia da. Hori ez ezik, informazio-gune ere bada liburutegia. Bi premisa hauek batzen baditugu, 14.000 biztanletik gora dituen herri batek, Andoaingo Udal Liburutegiak dituen 200/250m2 (?) baino gehiagoko espazio bat behar duela iruditzen zaigu; hori bera berresten dute liburutegien arloko zenbait erakundek. Eta egoera honen adierazgarri (eta ondorio) da, esaterako: Haurrentzako atala txikia izatea. 0 urtetik 14 urtera bitarteko haurrek espazio bera elkarbanatu behar izatea, 0-6 urte bitarteko haurren beharrak oso konkretuak direnean (zarata ateratzen dute, asko mugitzen dira...), edo ipuin-kontaketa saioetan atal guztia itxi beharra... Zer esan Helduen atala edo Liburutegi Orokorrari buruz, liburuak bi ilaratan edo/eta batzuk besteen gainean zeharka jarrita daudenean, Geografia eta Historiako liburuak beste gelatxo batean kokatu behar direnean, gune berri bat sortzeko (Hemeroteka edo Prentsa txokoa, esaterako) “mirariak” egin behar direnean... Errematea, hala ere, nire uste apalean, Fonoteka-Bideoteka beste eraikuntza batean kokatzea izan da: gaur egungo liburutegietan euskarri ezberdinetako dokumentuak aurkitzen ohitzen ari gara, baina ikusentzunezkoen munduak hainbesteko indarra duen gizarte honetan, liburuen kalterako kontsideratzen ditut bi euskarri hauek (liburuak alde batetik, ikusentzunezkoak bestetik) lekuz bereiztea, besteak beste, lan bikoitza egin behar dutelako bertako profesionalek liburutegiko erabiltzaileak batetik bestera (batez ere, liburutegira, hau da, liburuak dauden tokira) erakartzeko. Esanak esan, azpiegitura-baliabide hain eskasekin, liburutegia liburu eta ikusentzunezkoak gordetzen dituen leku bat soilik izan ez dadin, hau da, Andoaingo herrian irakurketa-gune eta informazio-gune garrantzitsu bat izan dadin, bertako profesionalek egiten duten lana goraipatu nahi nuke. Izan ere, beti aurkitzen baitute xirrikituren bat gune, txoko, zerbitzu..., berriren bat eskaintzeko. Bejondeiela! Andoain, 2006

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!