(Just)izia

Erabiltzailearen aurpegia Beñat Lizaso 2018ko api. 21a, 02:00

Joan zen larunbatean 60.000 lagun bildu ginen Iruñean, Altsasuko gazteei elkartasuna adierazi eta justizia exigitzeko. Inoiz egon naizen manifestazio pluralena izan zen, jende oso ezberdinak bete zituelako kaleak. Nahiz eta aldarrikapena bateratua izan –“Ez da terrorismoa, justizia, Altsasukoak aske”– horren atzean iritzien arteko pluraltasuna ere nabaria zen.

Manifestazioa bukatuta, Urnietara bidean, hausnartzeko beta izan nuen Guardia Zibilaren kontrola noiz aurkitu zain. Just-izia. Ingelesez “just” hitzak “soilik” esan nahi du eta ez dakit, Altsasun gertatutakoa eta gero, ez ote garen arazoaren azalean soilik geratu. Justizia exigitu arren ez dakit ez ote dugun arazoaren muina ahaztu.

Guardia Zibila ez bazen Altsasun egon, ez zen tabernako liskarra deskontestualizatzeko betarik izango. Edozein herriko edozein tabernatan gertatutako liskar batean geratuko zen.

Arazoa Euskal Herrian hamarkadatan zehar bizi izan dugun egoera da. Altsasukoa abisu bat da. Euskal Herrian errepresioak bertan jarraitzen duela erakusten digun abisu bat. Askok ahaztu duten arren, aspaldiko mamuak bizirik eta gure artean jarraitzen duenaren abisua. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!