Barkatu, Lourdes

Erabiltzailearen aurpegia Beñat Lizaso 2018ko api. 8a, 02:00

Lourdes Iriondok euskal kulturan utzitako herentziaren balioa kalkula ezina da. Ez Dok Amairuko kuttunena izan dut beti, urnietarra zelako akaso, baina urteak pasa ahala, eskerrak eman baino egokiago ikusten dut barkamena eskatzea.

Iriondoren kantutegitik gehienetan entzun izan dudan abestia “gazte gera gazte, ta ez gaude konforme” dioena izan da. Eta barkamena eskatu behar diot Lourdesi, eta barkamena eskatu behar diogu Lourdesi.

Orain dela 15 urte jaio zen Urnietan gazte mugimenduarekin zerikusia izanik indarra bildu zuen azken elkartea: Poxta Zahar. Sortu zenean Urnieta biziberritzeko konpromiso sakona hartu zuten, eta oztopo guztiei aurre eginez, elkartea gaur egun 400 gazteko bazkaria antolatzeko gai da.

400 gazte kamiseta horiekin. Txapel arrosekin. Presoak etxeratzeko logoa, okupazioaren logoa, errepresioaren aurkako logoa…  Non dira 400 gazte horiek herriko festak ez direnean?

Barkatu, Lourdes, gazte izateagatik.

Barkatu, Lourdes, konforme egoteagatik.

Barkatu, Lourdes, konforme ez egon arren, ezer ez egiteagatik.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!