Ekitaldian, enpresa bakoitzeko ordezkariek beren esperientziak eta prozesuaren nondik norakoak azaldu dituzte: zeintzuk izan diren beharra sortu zuten erronkak, zein onura ekarri dien digitalizazio prozesuak, eta zeintzuk diren aurrera begirako urratsak. besteak beste, datuen gobernantza, lanen automatizazioa eta produkzio kudeaketaren optimizazioa landu dituzte.
Honako hauek izan dira urratsa eman duten enpresak eta beraien ordezkariak:
- Ferdoux – Eider Manso, administrazio arduraduna.
- Bellmer – Ibon Muñoa, operazio eta IKT zuzendaria, eta Irati Ulacia, IKT kudeatzailea.
- Iñaki Bereziartua – Pilar Mitxelena, zuzendaria.
- Talleres Mitxelena – Alaitz Tolosa, garapen estrategiko eta jasangarritasun arduraduna.
- Nicron – Jon Aznar, zuzendari orokorra.
- Ferrocal – Javier Rejas, proiektu kudeatzailea.
Enpresa guztiek azpimarratu dute eraldaketa digitalak beraien prozesuak optimizatzen eta lehiakortasuna sendotzen lagundu diela, eta aholkulari adituen laguntza funtsezkoa izan dela bidean.
Ekitaldiaren amaieran, Beterri-Buruntza Digitalaren edizio berriari hasiera eman zaio, beraz, izen-emateak zabalik daude jada. Parte hartu nahi duten enpresek galdetegi labur bat bete besterik ez dute egin behar, eta Mankomunitateko Enpresa saila jarriko da ondoren harremanetan lanketa hasteko. Honakoa da izena emateko esteka: https://forms.gle/RgqVwAYYHdc4Z8fT7
Hurrengo asteetan partekatuko da Beterri-Buruntza Mankomunitatetik egitasmoaren edizio berriari buruzko informazio gehiago.