Beterri-Buruntzan jarduten duten enpresa txiki eta ertainentzako (ETE) digitalizazioari buruzko trebatze-ibilbide espezializatu bat jarriko da martxan Beterri-Buruntza Digitala programaren baitan. Ekimenaren xedea da enpresei merkatuaren egungo errealitatera egokitutako ezagutzak eta tresnak eskaintzea, beren digitalizazio-prozesuak modu eraginkorrean ulertu eta planifikatzeko oinarrizko gaitasunak eskuratu ditzaten.
Trebatze-ibilbidea ikuspegi praktiko batetik diseinatu da, ETEen benetako beharrak eta erronkak abiapuntu hartuta. Horretarako, parte-hartzaileek aholkularitza espezializatu batek emandako prestakuntza jasoko dute, ikuspegi didaktiko batetik; prestakuntza hori doakoa eta pertsonalizatua izango da, enpresa bakoitzaren egoerara eta heldutasun digitalaren mailara egokitua.
Programaren bidez, parte hartzen duten enpresek eraldaketa digitalari lotutako funtsezko gaitasunak eskuratuko dituzte; besteak beste, estrategia digitalaren definizioa, prozesuen digitalizazioa, tresna digitalen erabilera edo merkatu-ingurunera egokitzeko gaitasuna indartzea. Ildo horretan, adimen artifiziala edo automatizazioa bezalako gaiak ere landuko dira prestakuntza-saioetan.
Trebatze-ibilbidearen data zehatzak plaza erreserbatu ondoren jakinaraziko dira, eta interesdunek inolako konpromisorik gabe eman ahal izango dute izena: Plaza erreserbatu
Informazio gehiago jasotzeko, enpresa@beterriburuntza.eus helbidera idatzi daiteke edo 943 244 523 zenbakira deitu.
Ekimen hau Beterri-Buruntza Digitala programaren baitan kokatzen da, ETEen lehiakortasuna, berrikuntza-gaitasuna eta jasangarritasuna indartzeko estrategiaren barruan. Programa honek jarduera eta baliabide gehiago ere aurreikusten ditu enpresek beren eraldaketa digitalaren garapenean sakontzen jarraitzeko aukera izan dezaten.