Beterri-Buruntza Mankomunitateak ongizate laborala sustatzeko eta estresa nahiz higadura emozionala prebenitzeko doako prestakuntza berri bat abiaraziko du

Erabiltzailearen aurpegia Beterri Buruntza Mankomunitatea 2026ko ekainaren 2a

Beterri-Buruntza Mankomunitateak ekainean jarriko du martxan “Lana eta ongizatea erantzukizun pertsonaletik” prestakuntza, Arbola Consulting-ekin elkarlanean garatutako ekimena. Helburua da langileei lan-ingurunean ongizate emozionala, harremanetakoa eta mentala indartzeko tresna praktikoak eskaintzea.

Ekimen hau testuinguru jakin batean sortu da: estresak, antsietateak eta higadura emozionalak gero eta eragin handiagoa dute langileen osasunean. Randstadek egindako ikerketa baten arabera, Euskadiko langileen %18,5ek maiz edo etengabe jasaten du lan-estresa, eta %44,8k noizean behin pairatzen du.

Gainera, osasun mentalarekin lotutako lan-bajak dira azken urteetan gehien hazi diren errealitateetako bat Euskadin. Iraupen luzeko bajen kopurua hirukoiztu egin da azken bost urteetan: 2019an 2.764 izan ziren, eta 2024an ia 8.000. Adituen arabera, osasun mentalaren narriadurak, estresak eta antsietateak lotura zuzena dute igoera horrekin.

Bestalde, Lanaren Nazioarteko Erakundeak (LANE) ere ohartarazi du lanarekin lotutako arrisku psikosozialek duten eraginaz. Lanaldi luzeak, etengabeko presioa edo lan-segurtasunik eza bezalako faktoreak gaixotasun kardiobaskularrekin, nahasmendu mentalekin eta burnout edo erre-neke sindromearekin lotzen ditu erakundeak.

Egoera horren aurrean, Mankomunitatearen ustez funtsezkoa da pertsonek eguneroko lan-erronkei modu osasuntsuagoan aurre egiteko tresnak eskuratu ahal izango dituzten espazioak sortzea.

Arbola Consulting-ek diseinatutako prestakuntzak ikuspegi praktiko eta gertukoa du oinarri, eta pertsona bakoitzaren eragin-esparruan dauden alderdiak lantzen ditu: emozioen kudeaketa, arreta, ohiturak, harremanak eta autozaintza.

Prestakuntzak 9 orduko iraupena izango du, aurrez aurreko hiru saiotan banatuta, eta honako gai hauek jorratuko dira:

  • estresaren eragina eta nerbio-sistemaren funtzionamendua;
  • erregulazio emozionalerako eta arreta kontzienterako tresnak;
  • ongizate iraunkorra sustatzen duten ohiturak;
  • komunikazioa eta harreman osasuntsuak lanean;
  • egunerokoan aplikatzeko moduko ekintza-plan pertsonalak diseinatzea.

Metodologiak talde-dinamikak, hausnarketa indibiduala, ikaskuntza esperimentala eta egoera errealen lanketa uztartuko ditu. Horrela, parte-hartzaileek esperientziak partekatzeko eta bizitza pertsonalean zein profesionalean erabilgarriak izango diren baliabideak eskuratzeko konfiantzazko eta gertuko espazio bat izango dute.

Beterri-Buruntza Mankomunitatetik azpimarratu dute ongizate laborala “ezin dela jada bigarren mailako edo soilik norbanakoari dagokion gai gisa ulertu”, pertsonen, taldeen eta erakundeen jasangarritasunerako funtsezko elementua baita.

“Gero eta zorrotzagoak eta aldakorragoak diren lan-inguruneetan bizi gara. Estresa kudeatzeko, harremanak zaintzeko eta ongizatea mantentzeko tresnak izatea ezinbesteko gaitasuna da, bai pertsonen osasunerako, bai haien garapen profesionalerako”, adierazi dute erakundetik.

Prestakuntza ekainaren 8an, 11an eta 15ean egingo da, 16:00etatik 19:00etara, Lasarte-Oriako Antonio Mercero Gunean.

Izen-ematea zabalik dago:
https://beterriburuntza.binovoerp.es/eu_ES/event/lana-eta-ongizatea-erantzunkizun-pertsonaletik-arbola-consulting-pertsonak-24/register

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!