Beterri-Buruntza Mankomunitatean eskualdeko Enplegu eta Tokiko Garapen Plana osatzen ari dira buru-belarri, bertako enpresen lehiakortasuna eta lurraldeko enpleguaren sorrera eta hobekuntza bultzatzera bideratutako proiektua. Egitasmo honek lurraldeko enpresa eta eragile guztiek dituzten benetako beharrei erantzun diezaien, funtsezkoa da gaian inplikaturik dauden aktore guztien ahotsak entzutea eta horretarako era erraz batean bete daitekeen inkesta bat prestatu dute Enplegu sailetik. Diagnostikoa aurreiritzi edo usteekin baino, eskualdeko enpresen datu errealekin osatze aldera, lurraldeko enpresei esteka honetan aurkituko duten galdetegia betetzeko deia luzatu diete, elkarrekin osatzeko bide emankor baten lehen urrats gisa.
Hainbat dira diagnostiko hau ahalik eta osoena eta parte-hartzaileena izateko Beterri Buruntza Mankomunitatetik aipatzen diren arrazoiak. Hasteko, langileen, prestakuntzaren, digitalizazioaren, belaunaldien arteko erreleboaren edo talentua erakartzearen arloan enpresek dituzten beharrak antzemateko tresna oso egokia izan daitekeela uste dute.
Gainera, mankomunitateko enplegu sailetik nabarmendu dutenez, “eskuragarri dauden baliabide eta laguntza publikoak benetan behar diren lekura bideratzeko” ere lagungarria izango da egoeraren ezagutza ahalik eta sakonena izatea.
Era berean, gogorarazi dute, aurrerago eskualdeko Enplegu eta Tokiko Garapen Planaren baitan hartzen diren erabakiek eta martxan jartzen diren egitasmoek eragin zuzena izango dutela enpresengan eta horregatik garrantzitsua izan daitekeela eragile ekonomikoentzat proiektuan hasiera-hasieratik parte-hartzea.