Karbono-aztarna eta ESG irizpideak, merkatu eta erakundeen eskakizun eta betebehar berriei aurre egiteko tresnak, lurraldeko enpresen eskura

Erabiltzailearen aurpegia Beterri Buruntza Mankomunitatea

Ekonomiaren mundu globalizatu eta lehiakor honetan, gero eta gehiago dira enpresa eta negozioek euren eguneroko jardunean topatzen dituzten exijentzia eta betebeharrak, bezeroen nahi eta erantzukizun sozialetatik eratorritakoak batzuk, derrigor betebeharreko legediek inposatutakoak besteak.

Bide malkartsu hauetan topa ditzaketen oztopoei aurre hartu eta gainditzen laguntzeko, Beterri-Buruntza Mankomunitateak zenbait tresna jarri ditu lurraldeko enpresen eskura, tartean Karbono-aztarnaren kalkulua eta ESG irizpideak.

Oraindik ere erabat garatu gabe dagoen arren, karbono-aztarnaren kalkulua eta erregistroa arautzen duen legedia nabarmen zorroztu da azken urteotan, bai Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), bai espainiar Estatuan eta bereziki Europar Batasunean. 2050erako neutraltasun klimatikoa lortzeko bidean, helburu nagusia enpresek eta administrazio publikoek euren berotegi-efektuko gasen (BEG) isuriak neurtzea, murriztea eta konpentsatzea da eta, bide horretan, neurri eta betebehar gero eta zorrotzagoak aurreikusten dira. Etor daitekeenaren aurrean prest egoteko, Beterri Buruntza Mankomunitateak, beren Karbono Azterketaren kalkulua egiteko modua ematen die lurraldeko enpresei. Programak enpresaren jarduerak sortzen dituen berotegi-efektuko gasen emisioak ezagutzeko eta murrizketa-neurriak identifikatzeko aukera ematen du, hobekuntza aukerak identifikatu eta, aldi berean, ingurumenarekiko konpromisoa indartu eta lehiakortasuna hobetzen du gero kontzienteago diren bezeroen aurrean.

Ildo horretatik, ESG siglak (Ingurumena, Gizartea eta Gobernantza), kontzeptu ezezagun bat izatetik, bezeroentzat, langileentzat eta inbertitzaileentzat irizpide erabakigarria izatera igaro dira. “Moda” huts bat izatetik urrun, irizpide hauek enpresak baloratzeko modua eraldatzen ari dira. Gaur egungo testuinguruan –klima-aldaketa, gizarte-desberdintasunen hazkundea eta gardentasun handiagoaren eskaria– gero eta garrantzitsuagoa da enpresek modu arduratsu, lehiakor eta jasangarrian jardutea eta Beterri-Buruntza Mankomunitateak eskaintzen duen ESG diagnostiko eta ekintza planak horretarako laguntza eskaintzen du.

Doakoa den programa honetan parte hartzen duten enpresek beren erakundearen ESG diagnostikoa eskuratuko dute. Era berean, materialtasun-analisiaren bidez, gai estrategikoak identifikatu ahal izango dituzte, helburu zehatzak, epeak eta jarraipen-adierazleak bilduko dituen ekintza-plan pertsonalizatu bat eskuratuko dituzte eta aholkularitza teknikoa eta jarraipena izango dituzte prozesu osoan zehar.

Bestelakorik eman dezakeen arren, ESG ez da enpresa handiei mugaturiko zerbait, ez delako ez garestia ez konplikatua eta onurak handiak izan daitezke; bere baitan hartutako ekintza askok aurrezkia sor dezakete (energia, baliabide-eraginkortasuna) eta enpresaren izen ona hobetzen dute, pertsonak zaintzea, etika eta gobernantza ona ere barnean hartzen dituelako.

Bi programa hauek, ordea, ez dira Beterri-Buruntza Mankomunitateak lurraldeko enpresa eta negozioentzat martxan dituen programa bakarrak. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean, Eskualdeak egitasmoaren baitan, aurrekoez harago, besteak beste, Barne-ekintzailetza – enpresek negozio ideia berriak identifikatu eta aukera berrietan gauzatzeko ekimena– eta Lanaren
zentzua –pertsonak enpresaren erdigunean jartzeko jardunbidea– ere jorratzen ditu. Helburua guztietan bera da, ingurumen arlotik, ekonomikotik eta sozialetik,

Beterri-Buruntza gero eta lehiakorragoa sortzea, lurraldeko enpresa eta negozioen eskutik.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!