Azken ostiral honetan, Andoainen etxebizitza bateko paretan “Fuck LGTB" zioen gorroto pintada agertu da. Buruntzaldeko transmaribibollook ekintza hau eraso gisa ulertzen dugu, kolektiboarekiko eraso gisa, hain zuzen. Eta, bide honetan, erantzun kolektibo baten beharra ikusi dugu.
Diskurtso LGTBIQA+ foboez gain, pintada arrazistak ere ageri dira gure kaleetan. Ostiralean bertan, Lasarte-Orian mezu sionista, islamofobo, kolonialista eta arrazistaz beteriko esaldiekin zikindu zuten Palestinar herriari elkartasuna adierazteko murala. Gainera, LGTBIAQ+ borrokaren izenean, diskurtso arrazistak zabaldu dituzte muralean, eta ekintza hori guztiz gaitzesten dugu. Arrazakeriak ez du tokirik gurean.
Ezin aipatu gabe utzi, Hernanin zein Andoainen festetan gertatutako eraso eta diskurtso arrazistak. Ez dira kasu isolatuak, diskurtso eta eraso LGTBIAQ+ fobo eta arrazistak ematen ari dira gure herrietan eta ezin ditugu onartu. Hau guztia, noski, eskualdetik harago gertatzen ari da. Faxismoa eta eskuin muturraren gorakadarekin batera, gorroto diskurtsoak gailentzen ari baitira gorputz eta bizitza zehatz batzuren aurka.
Buruntzaldeko transmaribibollook argi utzi nahi dugu ekintza horiek guztiak eraso gisa ulertzen ditugula eta, ez Buruntzaldean ez inon, ez ditugula inolaz onartuko, ezta pasatzen utziko ere.
Antolatuta gaude eta erasoei erantzun kolektiboz erantzungo diegu.
Gora autodefentsa transmaribibollo eta antiarrazista!