Uda, Kanpezura joateko garaia

Erabiltzailearen aurpegia Dorleta Huitzi 2018ko uzt. 19a, 02:00

Uda giroaren usaina hartzen hasten garenean, gure buruetan ideia bat edukitzen dugu: Kanpezura joatea. Aurten ere 200 ikasletik gora animatu dira La Salle Berrozpe ikastetxeak antolatzen duen udako ekintza honetan parte hartzera.

40 urte baina gehiago badira Kanpezuko kanpaldia martxa jarri zela eta urteak joan eta urteak etorri, arrakasta itzela du gaur egun ere. Arrazoi asko daude harrera on horri eusteko, baina garrantzitsuena bertara begirale, arduradun edota sukaldari joaten direnen boluntariotza da. Muxutruk lan egitearen ideia indarra galtzen doa gizartean, baina beste arlo batzuetan ematen den bezala, kanpaldi honetan boluntariotza ezinbestekoa da.

Udalekuak helburu jakin batzuk ditu: lehenengoa inguru euskaldun batean bizitzeko aukera izatea, eskola eremutik kanpo. Baita umeen autonomia sustatzea beraien egunerokotasunean ere, haienak diren gauzez arduratuz adibidez. Helburu garrantzitsua naturarekiko harremana sustatzea da ere, Kanpezuko kanpaldiaren kokapenagatik ezinbestekoa delako.

Udaleku honetan umeek dendetan egiten dute lo, aterpe batean egiten dituzte otorduak, jolasak, gaubelak… basoa eta zelaia dira eguneroko paisaian ikusten direnak.

Aurten ere, aurreko urteetan bezala, Kanpezuko udalekuak lau txandatan banatu dira. Lehen Hezkuntzako bi talde, zeinean 5. mailako eta 6. mailako ikasleek Kanpezu herria eta gertuko beste leku batzuk ezagutzeko aukera izan duten: Kanpezuko Ibernalo, Maeztu, Antoñana…

DBHko 1 eta 2. mailakoak, aurrekoek ezagututako inguruez gain, Fuenmayor herrira ere hurbildu dira ingurua ezagutu eta ekintza desberdinak egiteko.

DBH 3 eta 4.mailako taldeek Delta egin dute, Tafalla herritik Kanpezura 11 egunetan iritsiz. Egunero herri batetik bestera mugitu dira leku desberdinetako eskola eta pilotalekuetan lo eginez.

Aurtengoa egin dugu eta dagoeneko hurrengo urtekoan pentsatzen ari gara. Gure arrakasta honek luze iraun dezan jarraituko dugu lanean!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!