Kontuan izan behar da 2007an Jaurlaritzak eta Aldundiak horrelako akordio bat sinatu zutela, 2011 urte bitartean hainbat saneamendu-proiektu aurrera eramateko. Proiektu haietako bat Andoaingo Ziako errekakoa zen. Garai hartako aurrekontua 3,8 milioi eurokoa zen eta Jaurlaritzak osorik finantzatzeko konpromisoa hartu zuen. Ez zuen agindutakoa bete, ordea.
2016ko Plan Hidrologiko berrian egin gabe jarraitzen zuena gogoan hartu, eta aurrekontua eguneratu zuten: 5 milioi euro. Haietatik milioi bat behintzat 2021 baino lehen inbertitu behar zen, eta gainerakoa 2022-27 epealdian. Arriolak eta Asensiok aurkeztu duten akordio-zirriborro berrian, ordea, 2021 baino lehen inbertitu beharreko milioi hori ez da agertzen, eta inbertsio osoa 2027ra atzeratu da. Atzerapen kronikoa ikusita, lasai asko esan daiteke Ziako errekako saneamendua ia-ia sine die atzeratzen dela.
Beraz, Ziako errekatik datozen ur zikinak Oriara zuzen-zuzen isurtzen joango dira, behintzat beste hamar urte gehiagoz. Eta ez dira, ez, mendian sakabanatutako lauzpabost baserrietako ur zikinak. Ziako errekak Geltoki, Buruntza, Bazkardo, Kaletxiki, Extremadura, Gabriel Aresti, Gudarien Etorbidea eta Ama Kandida inguruko auzo zein industrialdeetako isuriak biltzen baititu. 2012an URAk emandako datuaren arabera, orduko hartan 8.100 biztanleren baliokide ziren (3500 biztanle + 4600 industriguneetakoak) ur zikinak isurtzen ziren Ziakora. Hurrengo urteetan biztanle kopurua mantenduko zela aurreikusten zen, eta industriguneari zegokiona 6.800ko kopuruetara igoko zela. Egoera horretara iritsita, beraz, Ziako erreka 10.300 biztanleren baliokide diren (3500 biztanleenak + 6800 industriguneetakoak) ur zikinak jasaten ari da. Eta industriguneak handitzeko asmoa aztertzen ari da Udala.
2013an Adunako araztegia martxan hasi zenez geroztik, Errekabeltzekoa ez da Andoainen konpondu gabe geratu den saneamendu-arazo bakarra. Baina bai larriena, zalantzarik gabe.
Kontuan izan behar dugu, 2007-2011 akordioaren helburua 2.000 eta 15.000 biztanle bitarteko herrien saneamendu arazoak konpontzea zela. Konpromiso hori ez betetzeaz gain, denbora pasa ahala, arazoa handitzen eta garestitzen ari da.
Dirua ez dela arazoa uste dugu, izan ere, Eusko Jaurlaritza alferrikako zenbait egitasmotan dirua xahutzen ari da egun. AHT-a adibidez. Ezinbestekoak diren beste egitasmoak bazterrean utziz, ia ahazteraino.
Gauzak horrela, Andoaingo Udalari zera eskatzen diogu, atzerapen berria onartezina dela adieraztea eta Eusko Jaurlaritzari 2007an hartutako konpromisoa lehenbailehen bete dezala eskatzea.