Goi-tentsioko lineetan hildako hegazti kopurua gutxitzeko hitzarmena oso atzeratuta dator eta eskasegia da

Erabiltzailearen aurpegia Eguzki Talde Ekologista 2019ko urt. 18a, 15:52

Goi-tentsioko lineak egokitzeko eta horrela horietan hildako hegazti kopurua gutxitzeko Iberdrolak eta Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak izenpetu duten hitzarmena atzeratuta dator eta eskasegia da.

Beharbada baten batek pentsatuko du: “Ekologistek, ohi bezain maximalistak, oraingoan ere botila erdi hutsik ikusten dute”. Ba, “baten bat” horri honako datu hauetan erreparatzea proposatzen diogu:

  1. Hitzarmenak helburu du 2008ko 1432 Dekretuak linea elektrikoak egokitzeko ezarritako neurriak eta ardurak praktikan jartzea. Dekretua onartu zenetik hamar urte luze pasatu dira. Beraz, Hitzarmena oso atzeratuta dator.
  2. Hitzarmenaren arabera, Iberdrolak goi-tentsioko 250 dorre egokituko ditu urtero datozen hiru urteetan. Alabaina, Ingurumen Sailak egin duen inbentarioaren arabera, egokitu beharreko 7.000 dorre daude EAEko inguru ahuletan, alegia, mehatxupean dauden hegaztiak igaro, ugaldu, elikatu eta kontzentratzen diren eremuetan. Beraz, hiruko erregela egin bezain pronto konturatuko gara arazoa ez dela soilik dorreak egokitzen oso berandu hasiko direla, baizik eta erritmoa bizkortu ezean 28 urte itxoin beharko ditugula 2008ko Dekretua beteta ikusi arte. Tira, 28 baino gehiago, hitzarmenean bertan Ingurumen Sailaren inbentarioa osatu beharra dagoela esaten baita. Beraz, hitzarmena eskasegia da, argi eta garbi.

Ingurumen kontseilariorde Elena Morenok nabarmendu du “Iberdrolak elkarlanean jarduteko erakutsi duen jarrera”. Nahiago izan du ez aipatu, guk aipatuko dugun bezala, “elkarlanean jarduteko jarrera” horrek zerikusi handia duela honako arrazoi honekin: hainbat urte hartu beharreko neurriak hartu gabe pasatu ondoren, konpainia elektrikoen eta batik-bat Iberdrolaren kontrako epaiak hasi dira ematen hegazti babestuak egokitu gabeko lineatan hil direlako. Gogoan izan babestutako espezieak hiltzea delitu ere izan daitekeela.

Kontuan izan linea elektrikoekin elektrokutatu edo talka egitea dela hegaztien heriotza ez-naturalaren kausa nagusia. Kasu honetan, espezie zaurgarrienak handienak dira, batez ere harrapariak, den-denak legez babestuta. Datu ofizialen arabera, Estatu espainolean urtero 33.000 ale hiltzen dira arrazoi honengatik, nahiz eta elkarte naturazaleek, SEOk adibidez, datu ofizial hori kopuru errealaren oso azpitik dagoela uste duten. Gauzak horrela, konpainia elektrikoak tematuko balira “elkarlanean jarduteko jarrera” ez erakusten, garestitxo atera lekieke.

Bukatzeko, gogorazi nahi dugu joan den abuztuan Eguzkik Ingurumen Fiskaltzan salatu zuela 9 zikoin elektrokutatuta egokitu gabeko linea batean hil zirela, Olaberrian. Udalerri berean eta arrazoi beragatik, beste zikoina bat hil zen 2017an. Horrelakoak salatzen jarraitzeko asmo sendoa dugu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!