Aurten ere ur-beltzak eta Leitzaranen babesa aldarrikapenaren ardatz

Artxiboko irudia. 2018ko Santakrutz jaietako erreka jaitsiera.

Aurten ere, Santakrutz jaien barruan, Leitzaran ibaiaren erreka jaitsiera berria antolatu du Eguzkik. Jaietan eginik, dudarik gabe, festa kutsu nabariko jaitsiera izango da, baina baita aldarrikatzailea ere.

Aldarrikapenak bi ardatz nagusi ditu: Leitzaranera isurtzen jarraitzen dugun ur-beltzen bideratzea eta Leitzaran ibai eta arroaren babes osoa aldarrikatzea.

  • Ur- beltzei dagokionean, arazoaren %90arekin amaitzeko Olagain auzoko egitasmoa mahaigainean du Andoaingo Udalak. Orain berau aurrera eramateko diru partida zehaztea falta da, eta hori ere laster egiteko itxaropena badugu ere, berehala egiteko eskatzen jarraitzen dugu. Hori gauzatuz gero, aspaldiko urtetako aldarrikapen garrantzitsu bat beteta ikusiko genuke, ibai ekosistemarentzat onura izugarria ekarriko lukeena. Ez dugu ahaztu nahi arazoaren %10 ezkerraldetik datorrela eta horri oraindik ez diola eskua sartu udalak. Eskuineko alde horretatik etorri dira azkenaldian, isurketa arazo ez oso larri baina bai ikusgarriak.
  • Dakizuenez, egun Leitzaran ibaia Biotopo babestu izendatuta dago, baina zoritxarrez hori ez da nahikoa ez ibaiaren beraren etorkizun egokia bermatzeko ezta Leitzarango arroarena ere. Horregatik, aldundiari behingoz neurri eraginkorrak hartzea eskatzen diogu; horien artean Leitzaran natur parke izendatu dezala.

Jaitsiera maiatzaren 1ean ospatuko da. Horretarako 16:00 Bekoplazan geratu gara baltsak jasotzeko, edo Olarzar Parkean 16:15etan, bertatik abiatuko gara eta 16:45tan. Santakrutz zubi ingurura 17:30ak aldera iritsiko gara.

Eguzkitik, nola ez parte-hartzera animatu nahi zaitugu eta zalantzak argitzeko apirilaren 24an Urigainen 18:30tan ospatuko den bilerara etor zaitezke.

INGURUNEAREN ETA LEITZARANEN ALDE! LEITZARAN NATUR PARKEA!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!