2014. urteko maiatzean Andoainen auzokonposta abiatu zen, herri mugimenduak eta herritar talde batek eskatu eta bultzatuta. Andoainen hondakin organikoa birziklatzen edo konposta egiten hasi zen. Tarte laburrean 38 familia parte hartzen hasi ziren Etxeberrieta plaza eta kiroldegiko guneetan. Beste gune batzuk zabaldu ziren Ondarreta kalean (Gurutze Gorriaren ondoan) eta Sorabillan.
Denborarekin ordea nahikoa ez zela egin uste dugu sistema iraultzaile hau herri osora zabaltzeko. Auzokonposta, autokonposta bezala, norbera bere hondakin organikoen arduradun bilakatzen da eta, hondakinekiko arduratsuago eta kontzienteago izaten laguntzeaz gain, gastu handirik gabe eta eguneroko kamioien kutsadura gabe, hondakin organikoa ongarri bilakatzen da, ondoren landa eremuan, lorategietan edo norberaren landareekin erabiltzeko.
Urteak joan eta urteak etorri hitz politak jaso genituen auzokonpostaren inguruan: elikagaiekin 0 Km produktuekin alderatzen zutela, herri ekimena sustatu behar zela… Baina arrazoi bat edo beste beti gerorako geratzen zen Udalak auzokonposta bultzatze eta zabaltzearen aldeko kanpaina bat egitea. Hitzak bai, baina ekintzarik ez.
Udalaren ekimen faltak eta hobariek izandako garapena izan dira auzokonpostaren heriotzaren arrazoi nagusiak gure ustez. Azalduko dugu:
Hasieran auzo konposta egiten zutenentzat gai organikoaz arduratzeak hobariak ekarri zituen:
2014 - 2017 bitartean auzo zein autokonposta hobari handiagoak izan ditu, edukiontzi marroia jarri zenean zituenak baino. Gure ustez, irizpide egokia zen hori. Denborarekin, auzokonpostaren zabalkunde eza eta alderdi batzuen jarrera ezkorrak ekarri zuen 2018ko ordenantza fiskaletan auzokonpostaren hobaria eta edukiontzi marroiarena berdintzea. Une honetan aurreikusi genuen zein izango zen hurrengo jokaldia, hain zuzen 2019an etorri zena, hots, edukiontzi marroiaren hobariak auzokonpostarena baino handiagoak izatea. Bilketa garestiagoa eta kutsakorragoa denak, sari hobeagoa izango zuen, norberak bere borondatez, bere arduraz, eguraldi txarra hala ona, txukun eta kontzienteki eginiko lanak baino. Gainera aldaketa hauen berri ez zitzaien jakinarazi zuzenean auzokonpostaren erabiltzaileei. Hau da, lan gehiago egin eta gainera gehiago ordaindu, hobarien aldaketen berri ematea baino zer gutxiago, ez?
Logikoa denez, Udalaren babes publiko ezari, edukiontzi marroira isurtzeak hobari handiagoa izatea (nahiz eta agian ez izan arrazoi bakarra) gehitzen badiogu, iragartzeko modukoa zen auzokonpostaren heriotzaren bidean jarri du. Andoainen sistema jasangarri eta iraultzaile hau heriotzera kondenatu da (egun Ondarretako gunea besterik ez da geratzen 4-5 erabiltzailerekin) batzuen estrategia aurrera ateraz, beste batzuk jabetu ere egin gabe. Bide horretan gure akatsa Udal politikari eta arduradunak gehiago ez presionatzea izan da.
Tristuraz idazten ditugu lerrook baina ez dugu etsitzen. Auzokonpostak etorkizuna eduki dezake Andoainen eta hor dugu adibide gisa gertu dugun Hernani, non biztanlegoaren %25ak egiten duen auzokonposta, baina horretarako Udalak jarri behar du lanean:
Auzokonpostaren alde eginez, asmoz nahiz diruz.
Sentsibilizazio kanpaina edo lan bat eginez.
Gune berriak irekiz.
Hobariei dagokionean hasierako egoerara itzultzea; auzokonpostak edukiontzi marroia erabiltzeak baino hobari handiagoa izan behar du.