Edukiontzietan txartela kendu?

Erabiltzailearen aurpegia Eguzki Talde Ekologista 2021ko aza. 26a, 09:00

Aurten lehenengo aldiz aurrekontu parte hartzaileak antolatu dira Andoainen. Eguzkitik oso baikor baloratzen dugu horrelako parte hartze aukerak herritarrei zuzentzea.

Zalantza gehiago sortzen diguna da prozesurako herritarren aldetik jaso ziren 133 proposamenetik, 13 soilik aukeratuak izan zirela. Nork aukeratu ditu? Zergatik 13? Zein ezaugarri hartu dituzte kontutan? Herritarrak ere egon al dira erabakitzeko gune horretan? Zalantza hauetatik abiatuta kezka eta harriduraraino ere iritsi gara, izan ere aukeratutako batean edukiontzi grisa eta organikoaren edukiontzia erabiltzeko txartela kentzeko diru partida bat proposatzen baitzen. Andoainen edukiontzi hauek “ixteak” ekarri ditu hondakinen bereizketan inoizko daturik onenak lortzera iristea, gaikako bilketan %65-eko kopuruarino iritsi garelarik. Gogoratu hastapenetan Andoainen %29-a soilik jasotzen zela modu bereizian.

Haserrea ere eragin digu jakiteak proposamenak aukeratzeko barne irizpidetako batek esaten zuela aukeratutako proposamenek ingurumen inpaktu negatiboa ezin zutela izan. Edukiontziei txartela kentzeak horixe bera ekarriko luke. Udaletxean badakite, alderdiek badakite, teknikariek badakite eta herritarrek ere hori badakigu. Honen inguruko azalpenak eskatzen ditugu eta horrelako proposamenik ez errepikatzea exigitzen dugu. Andoainen adostasun maila altura iritsi ginen, tartean Eguzki eragile moduan ere, hondakin bilketa eraginkor bat lortu ahal izateko eta proposamen honek adostasunaren aurka jotzen du.

Azkenik oso deigarria egiten zaigu bozkak jasotzeko epea urriaren 31n bukatu zela eta azaroaren 23an oraindik emaitzen berririk ez dugula.

Gai honi buruzko informazio gehiago eskuragarri dago gure webgunean: eguzkiandoain.blogspot.com blogean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!