RENFEren aldiriko zerbitzuetan bada gaizki edo oso gaizki doan zerbait

Erabiltzailearen aurpegia

RENFEren aldiriko trenen Orialdeko erabiltzaileek 2021a gogoratuko dugu zerbitzua hondoa jo zueneko urtea bezala. Askoz beherako, askoz okerrago, ezin.

Batez ere azken hiru hilabeteotan oso ohikoa da trenak garaiz ez iristea. Atzerapenak sarri hamar minutukoak izaten dira, baina hamabost edo hogei minutukoak ere ez dira arraroak.

Batzuetan, zerbitzuak bertan behera gelditzen dira. Horren ondorioz, atzerapenak areagotzeaz gain, bi zerbitzuen erabiltzaileok bakar batean metatzen gara. Egunotan ikusi ahal izan ditugun irudiak ez dira eredugarriak, ez, ditxosozko birusaren kutsadura-arriskua saihesteko.

Baina atzerapenak metatzeaz eta hainbat zerbitzu bertan behera uzteaz gaiz, informazioa falta da, pantaila eta teleadierazleek ez dute funtzionatzen, bat-batean itzalaldiak gertatzen dira… 

Laburbilduz: Gipuzkoako RENFEn bada gaizki doan zerbait, oso-oso gaizki, eta horren ondorioz zerbitzuaren kalitatea gutxieneko historikoetara jaitsi da.

Gauzak horrela, herritarrak aldiriko tren-zerbitzuetan pairatzen ari diren egoera ikusita, Eguzkik Andoain, Urnieta eta Hernaniko Udalei zera eskatzen die: RENFEri modu formalean eska diezaiotela zerbitzua behingoz duintzeko eta orain dela ez gehiegi zuen kalitatea, behintzat, lehenbailehen berreskuratzeko.

Halaber, Espainiako Gobernuak Euskadiko Autonomia Erkidegoan duen ordezkari Denis Itxaso jaunari, RENFEk Gipuzkoan duen funtzionamenduaren arduraduna ere baden neurrian, zera eskatzen diogu:

  1. Azalpenak emateko aldiriko tren-zerbitzuak Gipuzkoan izan duen kalitate-galeraren gainean.
  2. Estatuaren Gobernuari errealitate horren berri emateko, neurriak har ditzan eta zerbitzuaren kalitatea lehenbailehen berreskura ditzan. 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!