Aurreko egunetan autobus informatibo bat ibili zen Andoainen barrena informazioa banatzen baina horrelako aldaketa batek dakarren guztia kontutan izanda, ekimen hori ez zen nahikoa izan gizarteari behar den bezala jakinarazteko. Izan ere, autobus zerbitzua ehundaka bizilagunek erabiltzen dute egunero eta faltan bota genuen medio handietan, bestelako egitasmoekin egiten dituzten publierreportai zabalak, bai telebistan eta bai idatzizko prentsan.
Aldaketa berriarekin Donostiarako joan-etorrian zegoen maiztasuna murriztu egin zen. Lehen hamabost minuturo autobusa baldin bazeneukan Donostiara joateko, orain maiztasun hori murriztu egin da. Aldaketa honek ehundaka bidaiariei eragin die eta beraien egunerokotasuna hankaz gora jarri die. Ikustekoa zen uztailaren batean autobus geltokietan eman zena, jendea geltokian noraezean, lanera berandu, informaziorik ez, iristen ziren gidariak ere galduak,...
Aurreko autobus zerbitzuak ere bazituen gauzak hobetzeko baina bere alde indartsuena maiztasunarena zen, horregatik aldarrikatzen dugu maiztasun hori berriro ezarria izan dadila. Aldaketa honek oztopo asko ekarri dizkie herriko hainbat eta hainbat bizilagunei.
Esleipen berriak zerbitzua hobetzeko balio behar omen zuen baina erabiltzaileok berehala konturatu ginen ez zela hala izango. XXI. mendean Klima Larrialdi aro bete-betean eta Coronavirusak eragindako edukiera murrizketak tarteko, autobus kopurua batez beste heren bat baina gehiagoan murriztuz (lanegunak izan ala ez, baita ibilbidearen arabera aldea dago), erabiltzaileak pilatuago eta beharrak ase ezinik geratu dira eta horrek beste garraiobide batzuetara jotzea ekarri du, kotxe pribatuaren erabilera handituz eta garraio publiko eta kolektiboarena gutxituz.
Ezin aipatu gabe utzi 2017ko urrian 1000 andoaindarretik gora alegazioak sinatu genituela orduan aurreproiektua baino ez zen zerbitzu berriaren aurka. Alegazio horiek ez zuten erantzunik eduki, ez hitzez ezta ekintzez ere, herritarron borondateari bizkar emanaz. Ez dira Eguzkitik babesten ditugun printzipioak. Herritarrentzat onuragarria den hamabost minutuko maiztasuna berrezartzea exijitzen dugu!
Bestalde, herritar talde batek autobus zerbitzua handitzeko abiatu duen sinadura bilketa babesten dugu, bide horretan herritarrak sinatzera animatu eta bultzatu nahi ditugu.