Ez bakarrik hegazti gripearen agerraldiari buruzko eta horren ondorioei buruzko informazio-eskaera, baizik eta zentroari berari buruzko informazio-eskaera: nola funtzionatu duen orain arte edo nola funtzionatuko duen, animalien sarrera-protokolorik ba ote dagoen, legez babestutako espeziak ez ezik babestu gabekoak ere artatuko ote dituen, itsas espezieak kontuan hartuko ote diren eta abar (*).
Joan den abenduan, Aldundiak Arizmendi Aldi Baterako Enpresa Elkarteari esleitu zion Urnietako Arizmendi finkan dagoen Gipuzkoako Basafauna Berreskuratzeko Zentroaren kudeaketa integraleko zerbitzua, Igeldoko Arrano Etxea ordezkatu duena. Abenduaz geroztik, baina, ez da ia haren berririk izan. Lehengo egunean, berriz, jakin genuen Aldundiak bazuela inaugurazio ofizialen bat egiteko asmoa, antza denez, datorren astelehenean, hilak 16, baina bertan behera utzi behar izan dutela hegazti gripearen ondorioz. Horrek eraman gaitu informazio-eskaera formalizatzera.
Basafauna berreskuratzeari dagokionez, Eguzki behin baino gehiagotan kexatu da Aldundiaren gardentasun faltaz, adibidez, eskopeta-tiroen ondorioz botatako espezie babestuen edo legez ehizagarriak ez direnen kasuetan. Ondo legoke zentro berriaren aitzakian, informazio-politika “irekiagoa” egiteko ere aprobetxatuko balu.