Hauteskundeak irabazi ditugu Amasa-Villabonan, Gipuzkoan eta hego Euskal Herrian. ESKERRIK ASKO!!!

Erabiltzailearen aurpegia EH BILDU Amasa-Villabona 2023ko mai. 30a, 13:26

Amasa-Villabonako EH Bilduk eskerrak eman nahi dizkie udal eta foru hauteskunde hauetan bozkatu duten herritar guztiei eta bereziki EH Bilduren aldeko hautua egin duten 1.468 amasar eta billabonatar guzti horiei. Emaitza ikusgarria izan dugu eta oso pozik gaude. 

Udal hauteskundeetan Amasa-Villabonako udalbatzan gehiengo osoa eskuratu dugu 8 zinegotzirekin (2019an baino bat gehiago), beste lau urtez Beatriz Unzue izango da alkatea eta udal gobernutik maite dugun Amasa-Villabona hobetzen jarraitzeko gogor lan egiteko konpromisoa hartzen dugu. Gure herriak dituen erronka nagusiei heldu, eta legealdi emankor eta oparoa izan dadin lan egingo dugu, azken lau urteetan egin dugun bezala; zintzotasunez, guztiei entzuteko prest, gardentasun osoz eta gauzak ondo egiteko ilusioarekin. 

Zentzu horretan, aukeratuak izan diren eta oposizio politikoa osatuko duten EAJ-PNV eta PSE-EE alderdietako zinegotziek gure ateak zabalik izango dituzte, hitz egiteko, adostasunak bilatzeko eta elkarlanerako aukerak lantzeko. Guk herri guztiarentzat gobernatuko dugu eta ahalik eta adostasun zabalenak lortzeko lan egiteko prest gaude. Espero dugu oposizio eraikitzaile batekin aurkitzea, udal gobernuaren mahai gainean proposamenak jarriko dituena. Horrela bada, ziur gaude hainbat arlotan guztiok bat egiteko gai izango garela, hori izango da gure aurretiko jarrera. Honekin lotuta, udalean ordezkaritzarik lortu ez duen Elkarrekin Podemos alderdiko kideei ere elkarlanerako gonbidapena egin nahi genieke, edozein ekarpen edo proposamen helarazi nahi badigute, entzuteko eta kontuan izateko prest aurkituko gaituzte.

Amaitzeko, EH Bilduk hego Euskal Herri osoan izandako emaitza bikainak azpimarratu nahi genituzke. Argi geratu da euskal gizartearen gehiengoak aldaketak nahi dituela eta aldaketa hori gidatzeko ardura ezker independentistaren esku uztea erabaki duela. EH Bildu lehen indar munizipalista da gure nazioan eta hori harro egotekoa da. Orain lanean jarraitzea dagokigu, udalgintzatik maite ditugun udalerri guztiak hobetzeko. Bide batez, zorion mezu berezia eta besarkada handi bana bidali nahi diegu Zizurkilen, Adunan, Anoetan, Iruran, Andoainen edota Tolosan hauteskundeak irabazi eta alkatetza eskuratu duten EH Bilduko gure burkide eta lagunei. Zorionak denei, merezitako garaipena eskuratu duzue eta!

Amasa-Villabonan, herritar guztien eskubideak defendatuko dituen udal gobernu abertzale, sozialista, feminista, ekologista eta euskaltzalea eratuko dugu eta dagoeneko datorren legealdia prestatzen ari gara buru-belarri.  

1468 aldiz eskerrik asko!    

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!