Amasa-Villabonako EH Bilduko komunitatearentzat egun eder eta alaia da gaurkoa, izan ere, atzoko Europako legebiltzarrerako hauteskundeetan nagusitasun handiz irabazi genituen hauteskundeak gure herrian. Mahai guztietan izan ginen garaile eta emandako boto guztien artean, %47,6a EH Bildu-Orain Errepublikak hautagaitzak jaso zituen. Bozka-portzentaia oso handia da, europar hauteskundeetan inoiz lortu dugun handiena.
Gainera EH Bildu-Orain Errepublikak hautagaitzak emaitza paregabeak lortu ditu Hego Euskal Herri osoan eta gure mugimendu politikoaren gorantzako joerak geldiezina dirudi oraingoz. Europar hauteskundeetan, teorian estatuko alderdien aldekoa izaten den testuinguru elektoral batean, EAEko lehen indarra izatea lortu dugu eta hori oso esanguratsua da. Gipuzkoan, Euskal Herria Bilduren hejemonia politikoa gero eta nabarmenagoa da eta ia herrialdeko herri guztietan lehen indarra gara. Nafarroan ere emaitzak onak izan ditugu, baina hauteskunde hauetan PSOEk lortu duen nagusitasuna ukaezina da.
Pernando Barrena berriro ere euskal herritarron enbaxadorea izango da Bruselan eta euskaldun, ezkertiar eta independentiston ahotsa ozen entzun beharko dute zoritxarrez geroz eta atzerakoiagoa den Europako Legebiltzarrean. Beraz, helburua bete dugu eta orain gogor lanean jarraitzea dagokigu, Europa gizatiarragoa, justuagoa eta sozialagoa izateko, ultra-eskuina historiaren zakarrontzira botatzeko eta behingoz Europar Batasunak herri eta nazioen autodeterminazio eskubidea aitortzeko. EH Bildu Bruselan, Estrasburgon eta behar den leku guztietan egongo da, ezkerreko alderdi aliatuekin batera, Europa eta mundu duin eta justu baten alde borrokatzen eta politika egiten.
Aipatutako guztiagatik, pozik eta harro gaude, herritarrek beren bozkaren bidez bultzada berri bat eman diotelako gure proiektu politikoari.
Eskerrik asko bihotz bihotzez!
Soilik bi elementu negatibo eta kezkagarri aipatu behar ditugu; bata hauteskunde hauetan izandako abstentzio maila altua da. Demokrazian eta herritarren parte hartze aktiboan sinesten dugunontzat, abstentzioak gora egitea beti da albiste txarra eta hori ezin da ezkutatu. Herritarrak politikarekiko sentitzen duten urruntasuna gero eta handiagoa da eta hori kezkagarria da gure jarduera politikoaren bidez herritarren bizitzak hobetzeko helburua dugunontzat. Faktore asko daude politikarekiko mespretsu edo urruntasun hori azaltzen dutenak, baina gu autokritikoak gara eta aitortzen dugu ahalegin handiagoa egin behar dugula herritarrak mobilizatzeko, erabaki politikoetan parte hartu dezaten.
Hauteskunde hauetako beste elementu kezkagarria, Europan orokorrean gertatzen ari den ultra-eskuinaren igoera nabarmena da. Alderdi erreakzionarioek, atzerakoiek, arrazistek, xenofoboek, homofoboek eta eskubideen zapaltzaileek gora egin dute herrialde eta estatu askotan eta hori tamalgarria da. Faxismoa indartsu baten itzulerak, beldurra ematen du. Gainera, aipagarria da Ipar Euskal Herrian Le Pen-en Frente Nazionalak hauteskunde hauek irabazi izana. Penagarria, dudarik gabe. Gure nazioa ez dago ultra-eskuinetik salbu, eta horren aurrean neurriak hartzea ezinbestekoa izango dela iruditzen zaigu. EH Bildu hortxe egongo da, beti historiaren alde onean, faxistei, arrazistei, homofoboei... hortzak erakusteko, eta pertsona guztien eta munduko herrien askatasunaren alde borrokatzeko prest.