Honakoa da EH Bildutik aurkeztu dugun mozioaren edukia osorik:
ISRAEL EGITEN ARI DEN GENOZIDIOA SALATZEKO ETA PALESTINAR HERRIARI ELKARTASUNA ADIERAZTEKO
MOZIOA
ZIOEN ADIERAZPENA:
Joan den maiatzaren 15ean, NAKBAren 76. urteurrena bete zen eta urtemuga horrek gogorarazten digu palestinar herriak hamarkadak daramatzala Israelen apartheid erregimenaren mende. Egoera are larriagoa da 2023ko urriaren 8tik Israelek Gazako zerrendaren eta Palestinako lurralde osoaren aurka egiten duen eraso militarraren ondorioz.
Maiatzaren 24an Nazioarteko Justizia Gorteak ebatzi zuen Israelek Rafah-ren (Gazako hegoaldean) gaineko bere eraso militarra “berehala” geldiarazi behar zuela. Hegoafrikak Gorteari eskatu zion ebazpen hori larrialdi neurri gisa hartzea, Israelek Rafahen aurrera eramaten ari den jarduerak operazio genozida bat direla adieraziz eta palestinar herriaren biziraupena bera arriskuan jartzen dutela.
CIJek urtarrilaren amaieran eskatu zion Israeli Gazan laguntza humanitarioa sartzen uzteko, eta berretsi zuen agindu hori martxoaren amaieran. Horrez gain Israeli eskatu zion Gazako gerran "genozidio-egintzak saihesteko bere esku dauden neurri guztiak" har zitzala, eta txosten bat aurkez zezala, auzitegiak emandako aginduak aplikatzeko hartutako neurri guztiekin, hilabeteko epean. Gaur da eguna oraindik eskaera hori ez dela gauzatu.
Hori guztia egin da Hegoafrikako gobernuak 2023ko abenduaren 29an Nazioarteko Justizia Gortearen aurrean irekitako prozesuaren esparruan, Israel 1948ko Genozidio Delitua Prebenitzeko eta Zigortzeko Konbentzioa urratzen ari zela argudiatuta, 2023ko urriaren 7tik aurrera abiatutako operazio militarrarekin.
Operazio honen ondorioz, Israelek 36.000 pertsona baino gehiago hil eta 80.000 baino gehiago zauritu ditu, horietatik % 70 emakumeak eta haurrak. Gazako biztanle gehienak beren bizitokia nahitaez lekualdatzera behartuak izan dira. Hein handi batean Zerrendaren hegoaldera desplazatuak izan dira, Rafah-era. Lurralde horrek ez ditu lekualdatutako pertsonak artatzeko behar diren gutxieneko azpiegitura eta baliabideak.
Bitartean, laguntza humanitarioa dakarten ehunka kamioik, batez ere elikagaiak, Egipto eta Gaza arteko mugan blokeatuta jarraitzen dute, Israelen onespenaren zain. Egungo erantzun humanitario guztia, neurri handi batean, UNRWAren ahalmenaren araberakoa da. Baina Nazio Batuen Agentzia kolapsoaren ertzean dago eta UNRWAko 189 kideren heriotza baieztatu da.
Genozidioa salatzen duten protestak eta munduan zehar Palestinako herriari elkartasuna adierazten dioten adierazpenak ere aipagarriak dira. Euskal Herrian, herritarrek Israel Gazan egiten ari den genozidioa salatzeko eta berehalako su-etena eskatzeko mobilizazio asko gauzatu dituzte. Gernika-Palestina edo Yala Nafarroa plataformak erreferente bihurtu dira herri palestinarraren aldeko borrokan eta, beraz, Israel egiten ari den genozidioaren aurkako borrokan.
Bestalde, mundu osoan zabaltzen ari den ikasleen elkartasun-olatua Euskal Herrira ere iritsi da, eta dozenaka ikaslek Palestinarekiko elkartasun-ekimenak garatu dituzte, UPV/EHUn edo NUPen kanpaldiak, batzarrak eta mobilizazioak eginez.
Horregatik guztiagatik, Amasa-Villabonako Udalak:
1. Israel Gazan egiten ari den genozidioa irmoki salatzen du, eta elkartasuna eta babesa adierazten dio herri palestinarrari.
2. Israeli Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa betetzea eskatzen dio, baita NBEren ebazpenak eta Nazioarteko Justizia Gorteak emandako ebazpenak ere.
3. Israeli irmoki eskatzen dio korridore humanitarioak irekitzeko eta Gazan eta Zisjordanian erasoak berehala eta modu iraunkorrean eteteko.
4. Irlandak, Norvegiak eta Espainiako estatuak Palestina estatu gisa ofizialki aitortzeko ekimena babesten du, euskal gizarteak aspalditik eskubide hori aitortzen diola aintzat hartuta.
5. UNRWA Nazio Batuen Agentziari babesa ematen dio eta Palestinan egin behar duen ezinbesteko lana aitortzen du.
6. Euskal Autonomia Erkidegoko gobernuei, Nafarroako Foru Erkidegoari, Estatuko Gobernuari eta nazioarteko gainerako eragileei eskatzen die Palestinarekin dauden lankidetza-proiektuekin jarraitzeko eta indartzeko, eta eremu horretan lan egiten duten erakundeei babesa emateko eskatzen die, hala nola UNRWAri eta beste erakunde eta ekimen sozial batzuei.
7. Europar Batasunari eta, oro har, Nazioarteko Erkidegoari ahaleginak areagotzeko, bahitu eta preso guztiak askatzera eta herri palestinarrarentzat bake justu eta iraunkorra lortzera bideratutako kudeaketa diplomatikoak bultzatzeko eskatzen dio.
8. Herri palestinarrak estatu burujabe eta bideragarria izateko duen eskubidea berresten du.
9. Bere babesa ematen die Gernika-Palestina eta Yala Nafarroa Palestina plataformei, eta Palestinan giza eskubideen eta bake justu eta iraunkorraren defentsan egiten ari den lan garrantzitsua babesten du, baita Israel herri palestinarraren aurka egiten ari den genozidioa salatzen ere.