EH Bilduren konferentzia politikoan izan ginen

Pasa den irailaren 21ean EH Bildu mugimenduak Konferentzia Politikoa garatu zuen Donostiako Tabakalera kultur-sorkuntza gunean. Amasa-Villabonako ordezkariak bertan izan ginen, aktiboki parte hartzen.

Konferentziaren hasieran, gaur egun bizi dugun egoera politikoaren azterketa partekatu genuen, Nazioarteko egoera politiko eta ekonomiko gatazkatsua eta krudelaren (genozidio telebisatua pairatzen ari den Palestinar herria gogoan) irakurketa egin, eta jarraian Euskal Herriko egoera soziopolitikoaren gainean ideiak partekatzen jardun genuen. Ezkerreko ikuspuntu batetik, oso kezkagarria da ultra-eskuinak Europan izan duen eta izaten ari den goraldi handia, eta horren aurrean ezkerrak erakutsi duen herritarrak konbentzitzeko eta ideologikoki gailentzeko ezintasuna. 

Hasi berri den ikasturte politikoari begira erronkak markatzeko balio izan zuen Konferentzia Politiko honek. EH Bilduk datozen hilabeteetan garatuko duen ekinbide politiko, instituzional eta sozialaz aritu ginen. Argi dugu datozen garaiotan estaturik gabeko nazioen auziak garrantzia berezia eta eztabaida politikoaren erdigunea hartuko duela, eta testuinguru horretan EH Bilduk ahalegin guztiak egingo ditu Euskal Herriaren nazio aitortza eta erabakitzeko eskubidea mahaiaren gainean egon daitezen. Urte politiko honetako beste lan-ildo eta erronka nagusietako bat EH Bilduk ordezkatzen duen ezker subiranistaren III. Kongresua eta bere prozesu osoa behar bezala garatzea izango da. Ildo horretan lehen urratsa eman genuen pasa den larunbatean, Kongresu-prozesua abian jartzen duen araudia onartuz eta berme batzordea eratuz. Kongresua otsailaren 8ko asteburuan amaituko da Iruñean, eta mugarria izatea nahi genuke, ezker independentismoa are gehiago indartzeko eta gure mugimendu politikoaren giharrak sendotzeko.

Amaitzeko, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak jendaurreko hitzartzea egin zuen, une honetan euskal jendarteari helarazi nahi dizkiogun zenbait mezu eta ideia lau haizetara botatzeko:

Hauek izan ziren Arnaldo Otegiren hitzetako batzuk:

«EH Bilduk uste du Euskal Herriak zerbitzu publikoak duinak izatea merezi duela. Aldaketa politikoaren kontrako politikak eraginkorrak izatea, genero arrakala gainditzea eta aberastasuna banatu nahi bada horrek halabeharrez eskatzen du politika neoliberalak gainditzea. Horrek eskatzen du sektore publikoaren lidergoarekin egitea politika publikoak».

«Euskal Herria eta estatuaren arteko harreman autonomikoak porrot egin du. Proposamen bat egiten dugu. Euskal herritarren nahia eta borondatea errespetatuz akordio zabalak egin behar dira Euskal Herrian. Akordio zabala behar dugu herri honetan, baina akordio horrek herritarren borondateari errespetua zor dio. Euskal Herria nazioa da eta errespetua zor zaio».

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!