Etxeko lanak eginda, bagoaz aurrera

Gure udal gobernu taldeak lanean jarraitzen du, modu eraginkorrean eta erritmo onean. Azaroa amaitzerako 2025eko udal aurrekontua onartu genuen, oposiziotik aurkako boto bakar bat ere jaso gabe. 

Izan ere, Udalbatzan gehiengo osoa izan arren, gure gobernatzeko modua irekia da, oposizioak egindako proposamen apurrak interes handiz aztertzen ditugu eta herriaren mesederako dela ikusiz gero, ez dugu inolako arazorik proposamen horiek geure egiteko. Alderdikeriak alde batera utziz, herri-interesak mugiarazten gaitu eta frogatu dugu.

2025erako erronka handiak jarri dizkiogu gure buruari: herriko Etxebizitza Plana martxan jartzea, Zaintza arloko azterketa amaitu eta adinekoentzat zerbitzu berriak antolatzea, proiektu garrantzitsuak gauzatzea (Txermingo parkina berritzea, Udal Liburutegia handitu eta eraberritzea…), burujabetza energetikoa lortzeko energia auto-produkzioan sakontzea etab.

Zentzu horretan 2025. urte hasieran bi mugarri garrantzitsu izango ditu gure Udalgintza jardunean Alde batetik denbora luzez prestatzen eta osatzen aritu garen Amasa-Villabonarako Etxebizitza Plana aurkeztuko dugu. Plan horrek Udaletik hartuko diren neurri zehatzak jasotzen ditu hainbat helbururekin: herrian ditugun 277 etxebizitza hutsak merkaturatzea (alokairu sozialera bideratuz Bizigune programaren bidez), alokairuen prezio neurrigabean eragitea (herria gune tentsionatu izendatuz), babestutako etxebizitzen eskaintza handitzea, erakunde publiko ezberdinen arteko lankidetzaren bidez etxebizitza babestu berriak eraikitzea etab. Bestalde Amasa-Villabonako Hirigintza Plangintza (2025-2028) ere aurkeztu eta martxan jarriko dugu. Plangintza honek ere proiektu zehatzak jasotzen ditu eta helburu nagusia Villabonako hiri-eremuaren eraberritzea eta gure hiri-paisaia XXI. mendeko parametroetara eramatea izango da. Eta horrek zer esan nahi du? Villabonako herri gunea guztiz irisgarria izatea, geratzen diren puntu ilun edo beltzak behin betirako desagertzea, elementu naturalek gure kaleetan duten presentzia areagotzea, herritarrentzat erakargarriak izango diren espazioak sortzea, zaharkiturik dauden eremuak (Txermin auzoa, Oriamendi, Etxeondo...) eraberritzeko proiektu potenteak garatzea etab. Plangintza honek proiektu, egitasmo eta epe zehatzak definitzen ditu eta norabide edo iparroratz argi bat emango dio Udalaren betebehar nagusienetakoa den hirigintza jarduerari.  

Prest eta gogoz gaude aipatu ditugun erronka horiei eta beste guztiei tinko heldu eta aurrera urrats sendoak emateko. Ziur gaude 2025a ere urte emankorra izango dela maite dugun herriarentzat. Gure onena emango dugu horrela izan dadin.

Eguberri zoriontsuak igaro eta urte berri on denoi!

 

Amasa-Villabonako EH Bildu udal-taldea.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!