Klinika pribatu batek Sagardui osasun sailburu ohia fitxatu izana eskandalua da

Lotsagarria iruditzen zaigu Gotzone Sagardui osasun sailburu ohiak eta EAJko militanteak osasun pribatura jotzea erabaki izana, une honetan Osakidetzan dugun mediku faltarekin eta bizi dugun egoera larriarekin.

Lau urtez EAEn Osasungintza publikoaren gidari politikoa izandakoa, hilabete gutxitan klinika pribatu batek "fitxatzea" oso adierazgarria iruditzen zaigu. EAJk urte luzez erakutsi duen osasunaren pribatizaziorako joeraren erakusgarri edo ispilu argia. Jaurlaritzako"ate birakari" berri hau zer da? Sagarduik Osakidetzaren pribatizazio progresiboaren, zerbitzuen desmantelamenduen, prekarizazioaren eta kalitate galeraren norabidean egindako lanaren ordaina? Honi kirats handia dario.

EH Bildutik zuzenean interpelatu nahi ditugu Imanol Pradales lehendakaria, EAJko kargudunak eta Euskadiko Alderdi Sozialista, gai horri buruz duten iritzia jakiteko. Zuen ustez, Sagardui sailburu ohiak egindakoa bateragarria al da hainbeste eskatzen den ordezkari politikoen eredugarritasunarekin? Sagarduiren erabakia bat al dator EAJk eta PSEk duten politika ulertzeko moduarekin?

EH Bildutik osasungintza zerbitzu publikoarekin dugun konpromiso argia berretsi nahi dugu. Gaur egun, inoiz baino gehiago, politika egiteko beste modu bat defendatzen dugu, etikan, eredugarritasunean eta sektore publikoarekiko konpromisoan oinarritua.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!