Halaber, garrantzitsua iruditzen zaigu Confebask mahai horretan parte hartzeko prest agertu izana, EH Bildu aspaldidanik eskatzen ari den mahaian, alegia. Eusko jaurlaritzako 2025eko aurrekontuaren negoziazioan, mahai hau eta gutxieneko soldata prorioaren gaia martxan jartzen saiatu ginen, baina orduan Jaurlaritzak ez zuen aukera hori zabaldu nahi izan.
Gure ustez Jaurlaritza ezin da ikusle hutsa izan gutxieneko soldata propioa ezartzeko eztabaida garrantzitsu honetan eta funtzio aktibo bat jokatu behar du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarren lan eta bizi baldintzak hobetzeko helburuarekin.
EH Bilduren iritziz, bai EAEn eta baita Nafarroan ere, gutxieneko soldata propioa ezartzea lurralde hauetako langileen ongizatearen bermea da; hortaz, bide horretan parte diren alde guztiei laguntzeko eta norabide horretan elkarlanean aritzeko konpromisoa dugu, baita helburu horretara iristeko behar diren adostasun politikoen alde jarduteko ere.
EH Bilduk orain arte egindako lana eta pasa den legealdian Eusko Legebiltzarrean horren inguruan lortutako kontsentsuak aintzat hartu nahi ditu.
Prozesu hau gutxieneko soldata propio baten onarpenarekin amaitzea espero dugu, horrek desberdintasunak zuzentzen lagundu eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langileriaren ongizatea sustatuko lukeelako.