Aipatutako proposamen horren inguruan azalpenak emateko, agerraldia egin zuten Javier Bucesek, Pili Zabalak eta Asun Lasak, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko batzordean, EH Bilduk, EAJk eta Elkarrekin Gipuzkoa taldeek eskatuta.
2022ko ekainean, Espainiako gobernuak eta EH Bilduren kongresuko taldeak, Memoria legea aurrera ateratzeko negoziazioaren haritik, akordio bat lortu zuten, non Donostiako La Cumbre jauregiaren lagapena Donostiako Udalari esleitzen zitzaion, eta hura memoria historikoa berreskuratzeko erabiliko zela jasotzen zen. Akordioan, lagapena Memoriaren Legea onartu eta urtebetera gauzatuta egon behar zuela jasotzen zen. Memoriaren Legea 2022ko urriaren 19an onartu zen.
Memoria demokratikoaren legeak jasotzen duenez, memoria gune horren funtzioa legearen berezko xedearekin bat datozen jardueretako erabili behar da La Cumbre jauregia, alegia, memoria demokratikoa berreskuratu, babestu eta zabaltzeko. Horrez gain, legearen berezko xedea da arrazoi politiko, ideologiko, pentsamendu edo iritziengatik, kontzientzia edo sinesmen erlijiosoetatik, orientazio eta identitate sexualagatik jazarpena edo indarkeria jasan zutenei ere aitortza egitea. Hori horrela, EH Bilduk uste du nahikoa arrazoi badagoela La Cumbre jauregia estatu indarkeria eta honen eraginez jasandako giza eskubideen urraketak jasan duten biktimak aitortu, onartu eta haien mina erreparatzeko gune bilakatzeko. Estatuak eta estatutik eragindako bortizkeriak sortutako biktimei dagokionez, gizarte honetan hutsune oso handia eta sakona dugu oraindik, batez ere erakunde publikoen aldetik.
Aipatutako hutsune horren hariari jarraituz, herri honetako biktima guztiek merezi dute erreparazioa, justizia eta egia. Eta xede horretan, gaur egun arte behinik behin, egon diren giza-eskubideen urraketen biktima ugariak era desorekatuan erreparatuak izan dira, haietako asko, estatuaren indarkeriak sortutakoak, aitortzarik gabe, egiarako eskubidea eta erreparaziorako aukerarik izan gabe daudelarik. Horiek ere, inolako zalantzarik gabe, dagokien erakusleihoa, oholtza bisuala, behar dute. Gure hautua guzti-guztientzat halaxe izatea da.