Euskal Herria Bilduren Gipuzkoako bozeramaile Maddalen Iriartek, aurten izandako diru-bilketaren jaitsierak herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzu publikoetan ondorioak izan ditzakeela salatu du eta hori gainditzeko, zerga erreforma sakona beharrezkoa dela berretsi du, Gipuzkoan gehiengoz onartutako akordioan oinarrituta.
Herri Dirubideen Euskal Kontseiluan baieztatu zen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ogasunen artean aurrekontuetan aurreikusitakoa baino diru gutxiago bildu dela. Horren berri emateko Gipuzkoako Batzar Nagusietan egin den Erakundeetarako, Gobernurako eta Araudirako Batzordean EH Bilduk salatu du ondorioak izan ditzakeela horrek herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuetan, Jaurlaritzak, Aldundiek eta Udalek eskaintzen dituzten zerbitzu publikoetan. Horregatik, ezinbestekoa da diru-bilketaren nahikotasun bat bermatzea, era justu eta progresiboan. Alegia, azken hilabeteetan aldarrikatu dugun zerga erreforma sakona gauzatzea.
EH Bilduren bozeramaile Maddalen Iriartek gogora ekarri duenez, Gipuzkoa aitzindaria izan da ponentzia bat martxan jartzen, eztabaida bat egiten erronka eta behar berriak kontuan izanik, eta 2024. urtean adostasuna lortzen. Beraz, ez da onargarria hain hilabete gutxian hainbeste urrutiratu izana akordio hartatik.
EH Bilduk uste du hiru zutabe garrantzitsu ezinbestean kontuan hartu behar direla adostutako akordioa errespetatzeko eta aurrera eramateko. Batetik, PFEZ-eko lan errentetan goiko tarteetan tributazioa handitzea. Bestetik, Lan errentak eta kapital errentak berdintzen joatea eta azkenik, Sozietate Zergan Kontabilitate emaitzarekiko Minimo bat adostea.
Hurrengo hamar edo hamabost urteetarako zerga bilketa sistema berri bat definitu behar genuke. Eta EH Bilduren ustez Gipuzkoako foru gobernu honek egidako Foru arauak ez du hori bermatzen. Gainera gobernu kideen artean (EAJ eta PSEren artean) desadostasunak ikusten ari gara. Hala ere, uste dugu oraindik garaiz gaudela gobernuko bazkideen eta EH Bilduren artean lortutako akordioaren norabidean fiskalitate justu eta progresiboago bat lortzeko.