Gipuzkoako EH Bilduko Idazkaritza hautatzeko prozesua abiatu da

EH Bilduko III. Kongresuarekin Mahai Politiko Nazionala osatzeko prozesua amaituta, zabaldu da epea Gipuzkoako EH Bilduko Idazkaritzarako proposamenak egiteko.

Gipuzkoako Mahai Politikoak bere proposamena osatu eta gaur jakinarazi du. Lau ardura politikoak betetzeko kide hauek proposatu ditu: Zelai Amenabarro Goikoetxea Politika Instituzionaleko ardurako, Lore Agirre Zipitria Eraketa ardurarako, Jon Zulueta Berastegi Udalgintza ardurarako eta Saioa Rodriguez Andueza Komunikazio ardurarako.

Gipuzkoako Idazkaritza, beste bi kidek osatuko dute: Gipuzkoako Arduradun Politiko Nekane Zinkunegi Barandiaranek eta Gipuzkoako Batzarkide Taldeko bozeramaile Maddalen Iriarte Okiñenak.

Gipuzkoako Mahai Politikoak Eraketa ardurarako Lore Agirre Zipitria proposatu du. 1984an Tolosan jaioa da Agirre. Enpresa administrazio eta zuzendaritzan lizentziatua eta irakaslea. da. Proposatua den ardura betetzen du 2019az geroztik. 2011 eta 2019 artean Tolosako Udaleko zinegotzia izan zen.

Ardura Instituzionalerako Zelai Amenabarro Goikoetxea proposatu du Gipuzkoako Mahai Politikoak. 1985. urtean jaio zen, Legorretan. Itzulpengintzako ikasketak ditu eta une honetan Gizarte Hezkuntzako gradua amaitzen ari da. ‘Berria’ egunkarian zuzentzaile eta itzultzaile aritu zen 2008 eta 2018 artean. Gipuzkoako Batzar Nagusietako EH Bilduren batzarkidea eta mahaiko lehendakariorde bigarrena da 2023az geroztik. Legorretako alkatea izan zen 2015 eta 2023 artean.

Udalgintza ardurarako proposatua Jon Zulueta Berastegi da. Andoaingoa da, 1975. urtean jaiotakoa. Marketin eta publizitateko teknikaria da. Andoainen zinegotzi izan zen 2015etik 2023. urtera bitarte.

Komunikazio ardurarako Saioa Rodriguez Andueza proposatu du Gipuzkoako Mahai Politikoak. 1975. urtean Hernanin jaiotakoa da. Kazetaria formazioz, euskalgintzako hainbat erakundeetan ibilia da komunikazio arduradun lanetan. 2019tik 2023ra bitarte komunikazio aholkularia izan zen Arrigorriaga, Bergara eta Debako udaletan. 2024. urteaz geroztik EH Bilduren Gipuzkoako bozeramailearen ondokoa da.

Abiatu da prozesua herrialdeetako mahai politikoek herrialdeetako idazkaritzak osatzeko proposamena eginda. Martxoaren 3tik 10era proposamen alternatiboak egiteko aukera egongo da. Zerrenda bat baino gehiago aurkeztuz gero bozketa edota bakarra balego horren berrespena martxoaren 12tik 15era egingo da.

Amasa-Villabonako EH Bildutik prozesu honetan parte hartzeko deia egiten diegu Bilkide guztiei, gure herrialdeko arduradun politikoen aukeraketan EH Bilduko komunitatearen baitan parte hartze zabala izatea garrantzitsua iruditzen baitzaigu.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!