Martxoaren 8an kalera! ausardia eta aliantza feministak aldarrikatzera

Amasa-Villabonako EH Bilduk bat egiten du "Faxismoaren kontra ausardia eta aliantza feministak!" lemapean Aiztondoko Mugimendu Feministak antolatutako ekimenekin, eta parte hartzeko deia egiten die herritarrei.

Mundu mailan ultraeskuinak bizi duzu gorakadari so eginez, aurtengo martxoaren 8ko deialdiaren garrantzia azpimarratu nahi dugu. Urte luzeetako borroka ezberdinen bidez eskuratutako eskubideak, atzeraezinak zirenaren ameskeria apurtuta, defentsa eta salaketa garaia heldu dela ikusten dugu eta nazioarte mailako tendentzia atzerakoien aurrean, tokian tokira lotutako dinamikekin elkartasun feminista eraikitzen jarraitzea inoizko garrantzitsuen bilakatu da.

Gure ustez bizitzari baldintza duin eta justuetan eustearen aldeko apustua egiteko unea da: horrek begirada feminista eskatzen du erakundeetatik bultzatzen ditugun politika guztietan. Krisi egoera honi egoki erantzungo dioten erantzun integralak premiazkoak dira, esparru eta maila guztietan, globaletik tokikoraino eta alderantziz. Euskal Herrian, gure eskumen-esparru mugatuan, argi daukagu gure lurraldeetan gure bizitzaren burujabe ez garen bitartean ezin izango ditugula beharrezko aldaketa guztiak bultzatu.

Ez da onargarria 2025ean zaintza bezalako oinarrizko eskubide bat, negozio bat izatea. Ez da onargarria euskal familiek aurrezkiak hustu behar izatea funtsezko behar bat betetzeko. Gobernuek nahitaez bermatu behar dute zainketa-sistema publiko bat, interes pribatizatzailerik gabea.

EH Bildun oso argi dugu: ez dago ezer antifeministagorik herritarren oinarrizko premiekin negozioa egitea baino. Horregatik, gaur berretsi egiten dugu ongizatea, kalitatezko zerbitzu publikoak eta inoiz merkantzia ez diren zaintzak bermatzeko konpromisoa. 

Udaletik egiten den lanari ere erreferentzia egin nahi diogu eta benetako gobernantza feminista bat garatzeko saiakera irmoa egiten ari garela aldarrikatu nahi dugu. Zentzu horretan EH Bildutik proposatutako Adierazpena onartu zen Amasa-Villabonako Udalbatzan eta Adierazpen horren bidez honako konpromisioak hartu ditugu:

  • Berdintasunean Ados! Mahai irekiaren jardunarekin jarraitzea, gobernantza eredu parte hartzaile eta demokratiko bat garatzeko bokazioarekin.
  • Amasa-Villabonako zaintza sistemaren diagnostikoa amaitzen denean, diagnostiko horrek jasoko dituen ondorio nagusiak herritarrekin partekatzeko baliabideak martxan jartzea.
  • Berdintasunean Ados! mahaitik, Mugimendu Feministarekin batera, Zaintzen aldeko Herri Akordio bat lortzeko lan egitea. Akordio horretan herriko zaintza sistema zabaldu eta hobetzeko ditugun erronka nagusiak definituko dira eta horiei erantzuteko neurri eta egitasmo zehatzak jarriko dira mahai gainean.
  • Mugimendu Feministak bidezko eta berdintasunezko gizartea lortzeko gaur arte egindako lan guztia eta egiten jarraitzen duen ezinbesteko ekarpena aitortzea.
  • Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxeari behar adina baliabide bermatzen jarraitzea.
  • Martxoaren 8aren bueltan Mugimendu Feministak herrian eta Aiztondo bailaran antolatu dituen ekimen eta dinamikekin bat egitea, babestea eta herritarrei parte hartzeko deia egitea. 

AIZTONDOKO MUGIMENDU FEMINISTAREN DEIALDIAK:

  • 11:30 Villabonako Berdura plazan: Aiztondo klasikan ere kaleak moretuz!
  • 14:00 Bazkaria Zizurkilgo Joxe Arregi plazan.
  • 19:00 Eskualdeko Manifestazioa Tolosako Triangulotik.

Atera kalera eta parte hartu!
GORA BORROKA FEMINISTA!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!