Gipuzkoan onartutako zerga berrikuspenarekin, aberatsek gutxiago ordaintzen jarraituko dute eta Ayusoren Madrilgo eredura hurbiltzen gara

EH Bilduk Gipuzkoako Batzar Nagusietan salatu duenez, EAJ, PSE eta Podemos-ek adostutako zerga berrikuspenak Nafarroarekin harmonizatzeari muzin egiten dio eta zerga sistema Ayusoren Madrilgo ereduarekin parekatuko du.

Fiskalitatearen izaera bidezkoa, progresiboa, ekitatiboa eta solidarioa ziurtatzeko aldaketak ezartzeko, zerbitzu publikoak indartzeko eta ekintzailetza, ETEak eta kalitatezko enplegua sortzen duen ekonomia bultzatzeko helburuarekin abiatu zen Gipuzkoan, EH Bilduk sustatuta zerga-erreforma helburu zuen bidea, ponentzia bat eginez. 2024ko uztailean prozesua amaitu eta herrialdeko hiru indar nagusien (EH Bildu, EAJ eta PSEren) adostasunarekin itxi zen dokumentua.

Dokumentu horrek izan behar zuen ondoren foru araua egiteko oinarria. Aitzitik, atzo Gipuzkoako Batzar Nagusietan onartu zen foru araua adostutako dokumentu horren letra eta izpiritutik urrun dagoela salatu du Gipuzkoan alde handiarekin lehen idar politikoa den EH Bilduk.

“Aukera galdu bat izango da Europako diru-bilketa publiko mailara hurbiltzeko, horren ordez, Europa iparraldeko herrialdeetatik urrunduko gaituzte eta aberatsek inon baino gutxiago ordaintzen jarraituko dute” adierazi du EH Bilduren Gipuzkoako batzarkidea den Haritz Perezek.

Gipuzkoako zerga sistemak dituen injustiziak zuzentzen hasteko, gehien irabazten dutenek benetan gehiago ordaintzeko, Nafarroako bidea proposatu du EH Bilduk. Nafarroako bidea, zergak justuagoak eta progresiboagoak direlako bertan, nafar gobernua sustengatzen duten indarrek gehiengo zabal bat osatzen dugulako Gipuzkoan ere eta ikuspegi abertzale batetik norbaitekin harmonizatu behar bagara Nafarroarekin delako eta ez Ayusoren Madrilgo PPren gobernuarekin.

Osakidetzaren egoerak, ezinbestekoak ditugun berrindustrializazio politikak, edota zaintza publikoa zabaltzeko politikek inbertsio publiko gehiagoren beharra agerian uzten dute. Tamalez, honakoa beste aukera galdu bat izango da gure gizarteari zein ekonomiari segurtasuna emateko beharrezkoa den zerga erreforma sakon bat gauzatzeko.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!