Adinekoen egoitzetan sartzeko itxaron denbora murrizteko neurriak eskatu dizkiogu Gipuzkoako Aldundiari

Erabiltzailearen aurpegia EH BILDU Amasa-Villabona

Gipuzkoako Foru Aldundiak argitaratu berri duen Gizarte Politiken bidez eskaintzen dituen zerbitzuen iazko memoriak agerian utzi du datu kezkagarri bat: adinekoen egoitza sarean sartzeko itxaron denbora %27 luzatu da urte bakar batean.

Itxaron denboraren luzapen horren ondorioz, egungo eskaintzak ez die behar bezala erantzuten gipuzkoarren zaintza beharrei. EH Bilduren batzarkidea den Estitxu Elduaienek horren inguruko galdera egin zion Maite Peña gizarte zerbitzuetako diputatuari (EAJ).

Iaz %27 handitu zen adinekoen egoitza batera sartzeko itxaron denbora. Alegia, gipuzkoar batek adinekoen egoitza batera sartzeko, batez beste, lau hilabete itxaron behar izaten ditu, duela hiru urte baino denbora gehiago. Gipuzkoako biztanleriaren zahartzea kontuan izanda, zaintza beharren prospektibek erakusten dute baliabideen premia gero eta handiagoa izango dela datozen urteetan, eta dagoeneko aurreikusita dauden plazak atzeratzeak are gehiago zailtzen du herritarren premiei behar bezala erantzutea. 

Gipuzkoako Aldundiak berak, iaz, adinekoen egoitzetan 79 plaza berri iragarri zituen, baina egin, 44 bakarrik egin ditu, %55a soilik, alegia, iragarritakoen erdia pasatxo bakarrik. Eta, tamalez, ez da nobedadea zaintzaren eremuan Aldundiak egindako iragarpenak erdian edo gutxiagoan geratzea, urteak baitaramatzate zenbaki batzuk iragarri, eta gero ez betetzen. Gogoratu dezagun, bestela, azkeneko gizarte zerbitzuen maparen betetze maila: 2018tik 2021era 869 plaza sortuko zituela iragarri zuen Aldundiak bere garaian. Helburu hori, ordea, bi urte beranduago lortu zuen, bi urte beranduago.

Ildo berean, Irungo Arbes egoitzaren egoera ekarri du gogora Gipuzkoako EH Bilduk: 2008an eraikiko zela iragarri eta 17 urte beranduago oraindik eraikitzeke dagoen adinekoen egoitza, hain justu. 2028rako amaituta egongo omen da, aurrekoan Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak iradoki zuenez. Gauza bera Pasaiako Adinberri ere. Hau ere, gutxienez duela hamarkada bat iragarri zen, eta gaur gaurkoz, oraindik ere obrak geldituta ditu.

Iazko gizarte politiken memoriak idatziz jasotzen du adineko egoitzetako plazen gauzatze-erritmoa etengabe handitu behar dela aurreikusitako helburua lortu ahal izateko. Diputazioak berak egindako txostenak esaten dio Diputazioari berari plazen gauzatze erritmoa etengabe handitzea ezinbestekoa dela.

Hitz eta propaganda soilekin ez dago gipuzkoarrentzat zaintza duina eraikitzerik; dagoeneko berandu gabiltza, eta atzerapena atzerapenaren atzetik kateatuta, nekez erantzungo dio Aldundiak herritarren zaintza beharrei. Kontrakotasunak izan dira bai; pandemia, legedi aldaketak, prezioen garestitzeak… baina horiek guztiak hala izanda ere, zuen bi proiektu izar direnak hamarkadaka batez luzatzea kudeaketa eskasaren isla nabarmena ere bada.

EH Bildutik, Gipuzkoan zaintza sistema publiko duin bat eraiki dadin lanean jarraituko dugu, Batzar Nagusietan, bestelako erakundeetan eta baita kalean ere, zaintza publiko duinen aldeko gizarte mugimenduekin elkarlanean.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!