Klima Aldaketaren Nazioarteko Panelak (IPCC) argi dio: tenperatura globalaren igoera 1,5 ºC azpitik mantentzeko aukera gero eta txikiagoa da. Horrek gure bizimodua errotik aldatzea eskatzen du.
Energia sektorea da emisio kutsatzaileen iturri nagusietakoa. Hortaz, ezinbestekoa da trantsizio energetikoa bizkortzea. Testuinguru honetan, energia eolikoak paper garrantzitsua bete dezake. IPCCren arabera, isuriak murrizteko inbertsiorik eraginkorrena berriztagarriak dira. Baina hori ez da nahikoa: kontsumoa ere jaitsi behar dugu, adibidez gas naturalaren erabilera elektrifikatuz industrian, garraio publikoa indartuz edo tokiko nekazaritza bultzatuz.
Horregatik, beharrezkoa da jarrera berri bat hartzea. “Eolikoak horrela ez!” esatetik, “Eolikoak nola bai?” galdetzera igaro behar dugu.
EH Bildurentzat energia berriztagarriak garatzea ezinbestekoa da klima larrialdiari aurre egiteko eta burujabetza energetikoa lortzeko. Baina badakigu berriztagarriak ez direla neutroak: paisaian, biodibertsitatean eta tokiko komunitateetan eragin zuzena dute.
Horregatik, berriztagarrien garapena herrigintzarekin uztartu nahi dugu, ez haren aurka. Onartu berri dugun Bizigintza ponentzian honakoa azpimarratu dugu: ez da nahikoa teknologia aldatzea; energia eredua bera aldatu behar da. Eta hori egiteko, trantsizioa demokratikoa, planifikatua eta komunitarioa izan behar da.
- Planifikazio publikoa: Eusko Jaurlaritzak ez du garaiz egin lurralde plangintza, eta herritarren parte-hartzerik gabe jardun du. EH Bilduk proposatzen du Lurralde Plan Sektoriala berrikustea, eta horren bidez Lurralde Plan Partzialak garatzea modu parte-hartzailean.
- Herritarren parte-hartzea: Proiektuak ezin dira bulegoetan diseinatu herritarrei bizkarra emanda. Tokiko komunitateek eztabaidetan parte hartu behar dute eta proiektuek euren onarpena bilatu behar dute. Informazioa jasotzea ez da nahikoa: erabakiaren parte izan behar dira.
- Jabetza publikoa edo komunitarioa: Ez dugu nahi eolikoen garapenetik soilik enpresa handiek irabaztea. Proiektuak, gutxienez zati batean, publikoak edo komunitarioak izan behar dute. Irabaziak herritarren artean banatu behar dira. Horregatik, tokiko kooperatibak, Udalak eta energia komunitateak erdigunean egotea defendatzen dugu.
- Trantsizio sozialki bidezkoa: Proiektu hauek sortzen duten energiak ez ditu kontsumo berriak ekarri behar, gaur egun erregai fosilen bidez egiten diren kontsumoak ordezkatzeko baliatu behar da energia hau. Era berean proiektu hauek sortzen duten energia prezio eskuragarrian helarazi behar zaie herritarrei, herriko komertzioei eta tokiko enpresa txikiei.
- Ingurumenaren zaintza: Elektrizitatea beharrezkoa da, baina ezin da berriztagarrien boom-a aitzakia bihurtu gure mendietako baliabide natural guztiak saldu eta ustiatzeko. Babestutako eremuak zabaldu behar dira eta proiektuek ingurumen-inpaktu ahalik eta txikiena izan behar dute. Irabazien zati bat ingurumena hobetzera bideratu behar da: abeltzaintza estentsiboa, basoen berroneratzea edo fauna babestea, esaterako.
Bai, berriztagarriak bai, komunitatearen eskutik, lurralde-antolaketa demokratikoarekin eta etorkizuneko belaunaldiei zor diegun arduraz. Horixe da EH Bilduren apustua: trantsizio energetiko burujabea, bidezkoa eta herritarra.
Amasa-Villabonako kasua
Amasa-Villabonan bi haize-errota jartzeko proiektu bat garatu nahi du Premier Group enpresak estatuko eta Euskal Autonomia Erkidegoko legediaren baitan. Kontuan izan behar dugu beti, horrelako proiektuak baimendu edo ez erabakitzeko eskuduntza administratibo osoa estatuko Industria Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzak dutela.
Enpresaren proiektuaren berri izan zenetik, udal gobernu taldeko ordezkariek hiru bilera burutu dituzte enpresaren ordezkariekin:
- Lehen bilera: Proiektuaren berri izan genuen eta hasierako kokapena (Belabietaren azpian) desegokitzat jo genuen.
- Bigarren bilera: Kokapena berrikustea eskatu ondoren, balizko ingurumen inpaktua minimizatzeko asmoz proiektuaren kokapena A-15 autobidearen ingurura mugitzea adostu genuen.
- Hirugarren bilera: Enpresak (Premier Group) onartu zuen proiektua Udalaren baimenik gabe ez aurrera eramatea. Udalak, baldintza gisa, herri galdeketa bat egitea jarri zuen, eta enpresak ahoz baldintza hau onartu zuen.
Horren ondoren, Udalak ondorengo neurriak hartuko ditu:
- Aditu tekniko bat kontratatuko du proiektuaren jabetza, konpentsazio neurriak, Udalaren parte hartzea eta energia salmentari buruz enpresarekin negoziatzeko, berme tekniko eta juridiko guztiekin.
- Enpresari eskatuko dio aurreproiektu teknikoa aurkezteko: errota mota, bideak, mantentze beharrak, energia ekoizpena, ingurumen inpaktua eta abar zehaztuz.
- Behin informazio hori edukita publikoki aurkeztuko da bere osotasunean eta gardentasun osoz. Enpresak bere hitza betetzen badu, herri galdeketa bat antolatuko litzateke, jendeak erabaki dezan lur horiek energia eolikoaren sorkuntzara bideratzea baimendu nahi duen edo ez. Galdeketaren aurretik proiektuaren kokapen eta ezaugarri zehatzaren inguruko informazio argia argitaratu, eta Amasa-Villabonako jendartean eztabaida sustatuko du Udalak. Herritarrek izango dute azken hitza eta erabakia eta Udalak, galdeketaren emaitza edozein delarik ere, errespetatu, ontzat eman eta horren arabera jardungo du.